oihana arana

Liburutegian

2026ko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nire jaioterriko udal bibliotekan egon naiz asteon. Hiru segundo edo egin nituen geldi euripean, kanpoko hesiaren ondoan. «Zenbat urte pasau die azkenengoz etorri gitzenetik?», pentsatu nuen neure artean. Zirrara arraro batek inbaditu zidan barrena.

Aterkia atondoko ontzian utzi, arnasa sakon hartu eta pauso lasaiz sartu nintzen barrura. Leku ezagunetara sartzean izaten dudan ohiko gorputzaldi lasaiarekin. Ikasteko gela berria erakutsi zidaten liburuzainek: «Zu etorten zitzenien hau dana zabalik euen». Betikoa da langileetako bat. Neure adin bueltako herritarra bestea. Itzultzean inpaktatu egiten naute nire adinkideek helduen lanbideak izateak, jendea guraso izateak eta horrelako kontu arruntek.

Zerua hemen aurkeztera joan nintzen. Ez dago liburuak aurkezteko liburutegi bat baino leku ilusionagarriagotik. Etxera bueltan konturatu nintzen: nire lehen irakurgaiak apaletan egongo dira oraindik. Ez dakit zer pentsatuko duen umeen txokoan lauhazka ibiltzen zen nire bertsio mini horrek honi guztiari buruz. Baina ziur naiz poztu egin dela berriz ere liburutegira joan garelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA