oihana arana

Madril (III)

2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izugarria da bero sapa. Erre egiten du lurrak oin azpietan. Jasanezina da porlana. Apenas dagoen arbolarik hiribide nagusietan. «Ezingo nitzake hemen bizi», esan dut. Oinez dabilen bitartean jaten du jendeak. Mickey Mouse burua lurrean utzita eseri da uso zirinez betetako banku batean. «Tristie da gure bizimodue», esan dut.

Delphine de Vigan idazlearen Esker onak eleberrian oinarritutako antzezlana ikusi genuen atzo. Beti ematen dit beldurra gustatzen zaizkidan liburuekin egindako antzezlanak eta filmak ikusteak. Baina ez nintzen haserretu. Are, asko gustatu zitzaigun. Horri buruz ari ginen berbetan. Malkotan urtu bitartean karkailaka barre egiteak sortzen duen katarsi sentsazioaz. Esertzea proposatu dit ahizpak. Retirorantz abiatu gara gerizpe bila.

Iritsi garenean jakin dut. Larrosak, tulipak, gereziondoak. Horixe behar nuen. Etxe sentsazioa. «Hemen bizi biherko banintz egunero etorriko nintzeke hona», esan dut. «Zu ezingo zineke hemen bizi. Arkumiek falta die», esan dit. Eta barrez lehertu gara berriro ere. Hiriaz beste egin izanak ematen didan poz horrek guztiak egin dit ihes hortzen artetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA