Esaldi berarekin amaitzen zituen gure aitak beti telefono deiak: «Badakitzu asko maitte zaittudala, ezta?» esaten zidan. «Baaaaaai… Nik bebai, e!» esaten nion bueltan. Hark utzitako markaren baten ondorio izango da gaurko gertakizuna, seguruenik: maite dudala xuxurlatu diot telefonoz bestaldeko adiskideari elkarrizketa amaitu eta berehala. Harritu egin dut neure burua, lotsagorritu egin naiz, ez nuen halakorik espero.
Ez naiz maite berbak merke saltzen dituen poeta klase hori. Bueno, agian batzuetan bai, baina idatziz bakarrik. Esatea tokatzen denean, beste berba guztiak baino bolumen baxuagoan esaten dut beti «maite zaitut». Eta are, normalean ez dut isolatuta ahoskatzen. Ahal dela esaldi luze baten barruan sartzen dut, oharkabean pasatzeko moduan.
Apur bat txarto sentitzen naiz batzuetan, damu iturri ere izan da noiz edo noiz. Baina ez zait ateratzen, gehiegi da niretzat. Beti ateratzen zait, ordea, maite ditudanei «heltzen zarenien abisau» esatea, adibidez. Eta apur bat pentsatuta, ez dakit ez ote den gauza bera.