Karlos Cidek esanda (agian ez zuzenean niri), badakit L-Kan pop talde madrildarraren neska kantaria euskara ikasten ibilitakoa dela. Lehenagotik miresten nuen, gutxienez «Estoy aburrida de estar tan salida» kanta (agian ez zuzenean niri) atera zutenetik.
L-Kan pop taldeak abestuta, badakit Marie Kondoren berri, duela pare bat urte kanta bat eskaini ziotelako orain puri-purian dagoen «txukunlari» edo «antolatzaile» japoniarrari. Metodo bat asmatu omen du Marie Kondok, etxeko puskak txukun gordetzeko. Ordenaren profeta berria da eta bere irakaskizunak Netflixen bidez hedatzen dira. Nolabaiteko oihartzuna hartu du haietako batek: etxean hogeita hamar liburutik gora ez edukitzekoa. Esan gabe doa jende askok espantu franko egin dituela. Jakin nahiko nuke apalategietan zenbat liburu dituzten haiek, eta zeintzuk. Orain gutxi John Watersen aholku bat asko zabaldu zen: «Norbaiten etxera joan eta libururik ez duela ikusten baduzu, hanka egin larrurik jo gabe». Suposatzen dut i-book-ik ere ez daukala egiaztatu eta gero, badaezpada. Edo liburutegiaren txartelik.
Hogeita hamarrok irakurrita (Dantek ez zituen askoz gehiago edukiko) nahiago nik, ehunka baino apaingai eta harrogarri.
JIRA
Marie Kondo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu