Autoa gelditu dut errepide erdian zegoen auzokideari zerbait behar ote zuen galdetzeko. «Jaitsiko nauzu herrira?», esan dit. Baietz nik. Ez noa hara berez, baina tira, barkatuko dit bost minutuko atzerapena nire zain dagoenak. Ezinean dabilela kontatu dit, arnasa falta zaiola azkenaldian eta ez dela hainbeste pauso egiteko gai. Kaletik urrunegi dagoela bere etxea. Irribarre egin diot azalpenik behar ez dudala adierazteko. Zehazki nora joan nahi duen azaltzeko esan diot, utziko dudala komeni zaion lekuan.
Gure aitari esango nizkiokeenak eta hari esango nizkiokeen moduan esaten dizkiot haren adin bueltako jendeari. Gauza bera pasatzen zait gure amamaren adinekoekin ere. Aldatu egiten zait gorputzaldia, aldatu egiten zait berbakera. «Beste min txiki batzuk ere baditut», esan du eta aldaketa igarri dut ahoskeran, «Hemen min txiki bat, han beste bat… baina tira, gainontzean ondo nago». «Hori dauko miñek», esan dut aspaldi neure buruari entzun bako tonuarekin, «txiki asko juntetan dienien haundi bat eitten dala». Biok egin dugu irribarre.