Kirikino bat ikusi dut errepiden nentorrela. Ilusioa egin dit. Eguna gehiegi luzatu ondoren heldu naiz etxera, gaua da honezkero, gau beltza. Zapatak erantzi, aurpegia garbitu eta segituan sartu naiz ohera, ez dut burua mantapean sartzea baino plazer sakonagorik ezagutzen. Mundua bera ere nirekin batera lokartuko balitz bezala oheratzen naiz normalean, neure kezka bakarra neure burua delako ziurtasun faltsuarekin. Ez da broma, lokartzeko zailtasunak ditudanetan, munduan esna dagoen izaki bakarra naizela pentsatzen dut sarri. Badakit gezurra dela, baina ez dakit badagoen nekea baino egozentrikoagoa zen ezer.
Gaur, ordea, ez zait hori gertatu. Gorputza oheko goxotasunera egin zaidanerako, ni oheratu orduko esnatu diren piztia horiekin guztiekin akordatu naiz. Lankide batek fototranpeokamerarekin harrapatu zituen basurdeekin, gaurko kirikinoarekin, nire lagunen umeekin, bizilagunaren katuarekin…«Zuk ez ikustiek ez dau esan gura ez dienik existiduten», esan diot neure buruari. Eta hala lokartu naiz gaur, sekula begiratu gabeko lekuetan gertatzen den horri guztiari buruz pentsatzen.