oihana arana

Panpinak

2026ko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esku banatan panpina bat zeukan ume bat gurutzatu dugu amak eta biok komunetik karabanara gentozela. Muturtuta zebilen, goiz osoa panpinak zaintzen pasatu duenaren nekearekin. Neure burua ikusi dut bere begietan. Ikastetxeko patioan lagunekin aitaka eta amaka jolasten. Gureak baino normatiboagoak eta aberatsagoak ziren familiak antzezten genituen beti. Uste dut horregatik aspertzen nintzela hainbeste.

«Zer pasau da ba?», galdetu dio gure amak umeari. «Ama izatea nik uste nuen baino zailagoa da», erantzun dio umeak serio-serio. Irribarre egin dugu amak eta biok. «Zuk daukotzun moduen birkixek eukittie… hori bai dala zaila!», gehitu du gure amak erdi brometan, erdi benetan ukondoarekin besoa ukitzen zidan bitartean. Zer esan jakin gabe geratu naiz ni. Ume horrek ulertzeko moduko aholku bat ahoskatu guran.

«Gu umiek ginenien aitta izetie toketan jakona bestiekin jolastera faten zan», pentsatu dut lehenengo. «Alaba izetie be ez eizu pentzau gauza erreza danik», etorri zait gero. «Errazoie daukotzu», esan dut azkenean, «itxi panpiñak hor nunbaitt eta asmatu eizu beste jolas bat, askoz hobeto pasaukozu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA