Zinemako sarrera zahar bat topatu dut aspaldi irakurri nuen liburu baten 127. orrialdea markatzen. Ez da kapitulu baten hasiera, ez da bereziki gustatzen zaidan orrialde bat. Erdizka utzitako kapitulu bateko orri arrunt bat da. Bi oroitzapen oso konkretu etorri zaizkit bat-batean.
Alde batetik, atzo balitz moduan oroitu dut zinemako eszena: aurretik zer afaldu genuen, nortzuk joan ginen, zeinek ekarri zituen txupatxusak. Eta bestalde, berehala etorri zait liburu hori erdizka uztea erabaki nuen unea: zein ohetan nengoen, ze egun zen, zergatik ez nuen berriz zabaldu… Liburua itxi eta ostera ere utzi dut apalategian. Ez da ezkutaleku txarra oroitzapenentzat.
Zinemara, antzerkira, bertso-saioetara… noanean pantailan erakusten ditut orain QRak eta barra kodeak. Erosoagoa da berez. Erosoagoa da mobila sarrera.pdf izena duten hamarnaka artxibo nahasiz beteta izatea, bai. Uste dut oraindik ez naizela oso kontziente, baina barru-barruan badakit etorkizun hurbilean pena emango didala honek guztiak. Badakit zahartzen naizenean penaz egingo dudala berba dena digitalizatzearen eta ahanzturaren arteko harremanari buruz.