Irudikatu poeta bat. Jar iezazkiozu zilarrezko txanpon bat lepoan eta pamela bat buruan. Orain irudikatu poeta hori idazmahai baten parean eserita. Jar iezazkiozu aurrean berak idatzitako ia ehun liburuetatik lau, zure gustukoenak. Orain irudikatu musikari bat. Jar iezazkiozu aurrean ttun-ttuna, atril bat eta poxpolina. Orain irudikatu musikari hori idazmahai baten parean eserita. Jar iezaiozu audio grabazio pila batekin betetako ordenagailu bat mahaiaren gainean. Orain irudikatu bi idazmahaiak parez pare jarrita. Poeta Miren Agur Meabe da eta musikaria Ibon RG. Eta horrela abiatzen da elkarrekin oholtzaratzen duten REC memoria poetiko baten grabazioa. Miren Agur Meabek mende honen lehen laurdenean egin duen lanaren sintesi bat da emanaldia. Hogeita bost urtetan zehar idatzitako poemen errezital antzeztua.
Irribarre txiki banarekin egin genuen geure aulkietatik kalera arteko bidea astelehenean. Eta hala joan ginen hiru lagun kontu kontari bakoitza bere autobuseraino, gure garaiko poeta handienetako bat —oso ederra den zerbait— ikusi berri duenaren gorputzaldiarekin.