oihana arana

Poz-orduak

2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko itsasadarren aldamenetik paseatu dut aspaldiko partez. Beste kontu bat egin behar nuelako joan naiz Bilbora, baina honezkero badakizue paseatu gabeko eguna egun galdua dela niretzat. Askotan ikusten ez dudan lagun batekin ibili naiz, honetaz eta hartaz berbetan, egon ginen azken alditik hona gertatu zaizkigunak aletzen. «Pasiuen erritmue bikaina da halako berbaldixetarako», pentsatu dut gure bideak bereizi direnean.

Kaskoak jantzi ditut metrora jaitsi baino lehen. Normalean ez ditut erabiltzen, baina lurpea leku ona da disoziaziorako.

Autobus geltokira iristearekin batera itzali dut musika, baina ez ditut kaskoak erantzi. Kanpoko munduari neure baitara bilduta nagoela adierazteko erabiltzen dut sarri ekintza hau. Bueltako bidaian erantzun beharreko mezuak, irakurri beharreko orrialdeak… zenbatzen egon naiz oraindik Donostiarako nasa zein zen adierazten ez zuen pantailaren aurrean. «Oihana, aspaldiko!», pisukide ohiaren ahotsa bizkarretik. Elkarren aldamenean egin dugu bidaia. Besarkada bat eman eta «Bixer ordubete lehenau jaiki biko naz, baina merezi izen dau», pentsatu dut iritsi garenean. Lo egitea pozarekin lotzen badugu, zilegi da loari poz-orduak lapurtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA