oihana arana

Prakak

2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prakak erosi behar nituen. Bueno behar… Jendaurreko ekitaldietan arropa txukuna erabiltzen dela dioen idatzi gabeko legeak bultzatuta joan nintzen erostera. Gorroto dut arropa dendetara sartzea. Atea gurutzatu orduko sortzen zait arnasestua eta izerdiz bustitzen zaizkit bizkarra eta titi azpiak. Bakarrik joan izan naizen aldietan, ez dut hamar minutu baino gehiago iraun denda barruetan. Praka guztiak iruditu izan zaizkit arraroegiak, edo itsusiegiak, edo nik janzteko ausartegiak.

Horregatik joaten naiz, ahal dela, konpainia onean. Nire marmar atergabea kudeatu bitartean sekula hartuko ez nukeen arropa probarazteko gai den jende ederrarekin. Nik «hau ez, hau ez eta hau ere ez» ahoskatu eta gero «hartu hau eta hau eta hau» esaten dakitenekin. Erosi genituen prakak azkenean. Bertako denda txiki batean izan zen. Hiria gentrifikatu aurretik existitzen ziren horietako bat, bezeroa euskaraz eta normal tratatzen duten denda mota hori. Galzorian dagoena.

Poltsa ezkerreko eskuan hartu eta itsasbazterretik paseoan gindoazela, ustez koherentziaren izenean egiten ez ditudan gauza batzuen atzean ezkutatzen den beldurrari buruz pentsatu nuen. Beldurrei aurre egiteko kideek duten garrantziari buruz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA