oihana arana

Sator-zuloa

2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela zazpi urte izan zen. Gurasoen aldamena utzi eta Donostiako etxe hotz batera joan nintzen bizitzera. Han hasi zen dena: lehenengo lentejak, lehenengo poemak, lehenengo «ostra ze karue dan kalefaziñue»-ak…

«Ez daue sekula bukatuko» esaten genuen autobus geltoki nagusira joateko baliatzen genuen geltokia kendu zutenean; mailu hidraulikoek elkarrizketak mozten zizkigutenean; prentsan paduraren gainean eraikitako hiria zulatzen hasi eta hondarra eta ura topatu zituztelako harritu zirenen hitzak irakurri genituenean; sator-zulora aurreikusi bako zenbat billete botako zituzten jakin genuenean… «Betiko egongo da obretan» esaten genuen haserreak baino eragiten ez duen karkailazko tonuaz.

Amaitu dute bada hasieratik zentzunbakoa zen obra ditxosoa. Zabaldu dute Topo Berria. Orain esango digute benetan behar genuela, eta aterako dituzte zenbakiak eta ahoskatuko dituzte «Hiritarren bizitza hobetu dugu» eta antzeko perla batzuk. Guk badakigu, ordea, hiri honetan gauzak amaitzea behin-behinekoa dela. Laster hasiko dira beste obra batzuk, beste hesi batzuk, beste promes batzuk. Eta guk, bitartean, sator-zuloari begira jarraituko dugu, hiri-eredu honek hondoa noiz joko duen asmatu guran.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA