Koadernoa desagertu zait. Ez dakizue zelako disgustua daukadan. Bertso-eskolarako kenduta, koaderno bakarra erabiltzen dut bizitzako gauza guztietarako. Erosi beharrekoen zerrenda, bileretako aktak, hitzaldietako apunteak, ahaztu ezin ditudan ohar oso garrantzitsuak, zitak, ideiak… Dena gordetzen dut koaderno bakarrean.
Orain pentsatzen jarrita, ez dakit nola bururatu zitzaidan nire bizitza osoa koaderno baten barruan sartzea. Are, beti hara-hona darabildan koaderno batean sartzea. Organo bat desagertu balitzait bezala sentitzen naiz. Birika bakarrarekin bizi diren pertsonak ezagutzen ditut, baina ni ez naiz koadernorik gabe bizitzeko kapaz.
Pare bat egun pasatu dira, baina ez dut esperantza berehala galduko. Inork topatuko balu, jar dadila, mesedez, nirekin harremanetan. Koadernoaren lehenengo orrialdean txukun-txukun idatzita dago nire telefono zenbakia (banekien noizbait desagertuko zitzaidala). Aurkitzen duenak, hala ere, ez dezala lehenengo orritik aurrera dagoen ezer irakurri. Uste dut gurago dudala BERRIAko azalean kulerotan agertzea.