oihana arana

Transmisioaz

2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordenagailua motxilan gorde, eskailerak jaitsi eta «Isturitzetik Tolosan barru badaukotzue?» galdetu nion liburuzainari harakinari daukan haragi-piezarik onena eskatzen dionaren tonuarekin. Segituan altxatu zen aulkitik. Liburua besapean hartuta egin nuen etxerainoko bidea.

Badakit non eta noiz ezagutu nuen. Iratxe Retolazari esker izan zen. Sei urte beteko dira laster. Joxean Artzeren poema batzuk ipini zizkigun pantaila handian. Zirrara sentitu nuela dut gogoan, jakingura. Liburutegira joan eta orduan irakurri nuen lehen aldiz.

Leihotik begira ari nintzela «nik hemen azaltzen ditudan izkribuak/ honelakoak izanen ote ziren,/ nere inguruko mendi, euri ta haizeen/ bizi naizen herriaren barruan/ bizi ez banintzen?» dioen poemarekin akordatu nintzelako hartu dut asteon berriro. Harribitxiak edertu baino ez dira egiten behin eta berriz eskuztatzen direnean. Goxo hartu dut gaur sofako epeltasunean.

Zera pentsatu dudalako erabaki dut hau idaztea: alferrikakoa da euskal literaturari ekarpen ikaragarriak egin dizkioten autoreak izatea, horiei buruz berba egiten duten pertsonarik ez baldin badago. Poztuko naiz inor bere herriko liburutegira joanarazten badut.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA