Jon Mirande: zorroztasuna eta etika

2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren lehenean, Irati Majuelok Eztabaida aldiro idatzia argitaratu zuen egunkari honetan; Santi Leonék, Katixa Dolharek eta Gorka Bereziartuak idatzi eta Alberdaniak argitaraturiko Zer egin Miranderekin? liburuaren kritika. Ez da nire asmoa idatzi horren ariketa kritikoaz aritzea; gutxi-asko arrazoitua, kritika literarioa obra bati buruzko iritzi bat besterik ez da, kritikariek, idazleek, editoreek eta kazetariek eman ohi diogun baino askoz ere garrantzi gutxiago duena.

Baina, kasu honetan, literatura ondorio larriekin gainezkatzen duen baieztapena egiten zuen Majuelok: «Miranderen kasuan, nola ez dugu esango, autoreak hain argiki idatzi zuenean nazismoaren aldekoa zela? Edo nazismoaren ideia batzuekin bat egiten zuela? Ideia erabat arrazistak zituela, emakumeekin harremantzeko manera misoginoak, pedofiloak? Ez da etika kontu bat; liburuan zenbaitetan aipatzen den moduan, zorroztasun kontua da».

Mirande nazia eta arrazista zen, zalantzarik gabe, baita matxista ere, misoginiari buruz Joxe Azurmendik esandakoak gogora ekartzea sobran ez dagoen arren: «misoginoa zela edo emakumearen etsaia zela [esaten dutenek], badute beren egiaren partea, bakarrik, horrela bakarrik esanda, nire ustez faltsifikazioak dira». Adostasun bezainbesteko desadostasunekin hauei buruz idatzi eta eztabaidatu dugu euskaldunok, eta, esaterako, idatzi izan da Haur besoetakoa liburu pedofiloa dela, gehienetan liburu pedofilo bat zer den edo pedofilo zerk egiten duen zehaztu gabe. Baina kontua ez da soilik Zer egin Miranderekin? liburuko egileek ez dutela halakorik esan, kontua da, nik dakidala, orain arte ez duela inoiz, inork kategorikoki baieztatu Jon Mirandek harreman pedofiloak burutu zituenik; ez baitago Miranderen beraren, bere ingurukoen, edo inongo biktimaren lekukotza, idatzi, edo datu bat bera ere idazleak pederastia praktikatu zuela esaten edo aditzera ematen duenik.

Alderantziz, Jon Mirandek publikoki eta pribatuki idatzi zuen pederastiaren kontra; argi utzi zuen bere ukoa eta hitzez hitz azaldu zilegi ez dela. Eta Miranderi buruz egin dudan ikerketan idazleari eta bere obrari buruzko datu berri ugari dauden arren, ez da hauxe horietariko bat; hainbat laguni esker —Peillen, Sudupe, Urkizu— duela hogeita hamar urtetik gora dakizkigunak batu, ordenatu eta horiek berresten dituen lekukotza berri bat lortu besterik ez dut egin; edonola ere, lekukotzak ezin argiagoak dira.

Jon Mirandek publikoki eta pribatuki idatzi zuen pederastiaren kontra; argi utzi zuen bere ukoa eta hitzez hitz azaldu zilegi ez dela

Sarriegi ahazten dugun arren, Jon Mirande hezur-haragizkoa izan zen, gure ez hain desberdina, eta erarik humano eta sakonenean minduko zen halakoak irakurrita, dudarik gabe haren iloba Alain eta Christian atsekabetuko diren bezala halako gauzak idazten direla jakiten dutenean. Idazle bati, bere ideologiari, edo bere obrari buruz dugun iritziak —hain garrantzitsua ere ez dena— ez du zilegitzen haren kontra inolako salaketa faltsurik egitea (ez dut esango bereziki pedofiliaz aritzerakoan, nire ustez inoiz ez baitago justifikatuta, baina azaldu beharrik ez dago pedofiliaren kasuan ondorio bereziki larriak dituela). Eta artea den esparru libre eta autonomoak, edo kritika literarioak behar duen babesak eta independentziak ez dituzte halakoak justifikatzen: ezin da kritika literarioan egin edozein kode deontologikok kazetaritzan onartuko ez lukeenik. Horrez gain, Eliza katolikoaren sexu gehiegikerien eta Jeffrey Epsteinen garaian pedofiliari buruz halako arinkeriarekin aritzeak, auzia desitxuratzeaz gain, benetako pederasten ardura lausotu egiten du eta biktimak zein gizartea babestu beharrean zaurgarriago egiten ditu.

Guzti honengatik eskatzen diot Irati Majuelori honen gaineko zuzenketa egitea; zorroztasun kontua izateaz gain, justiziazkoa delako, eta guztion ardura da euskal kulturan etikoki jokatzea; kontrakoak ez baitio soilik Jon Miranderen duintasunari kalte egiten, euskal kultura sakonki zauritzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA