martxelo otamendi

A-29, irudimena eta borondate ona

2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako ezkerraren jokabidea —PSOEren ezkerretara dagoen espazio politikoarena, alegia— endemikoa izatetik —oinarri zientifikorik ez daukan espresioa zutabe honetara ekarrita— genetikoa izatera pasatzeko urrats guztiak ari da ematen. Etsaiak diseinatuta ere ez lukete horren gaizki egingo, Espainiako azken hauteskunde orokorretatik igaro den aldia —hiru urte eta erdi— alferrik pasatzen utzi dute, ez dira gai izan elkarrengana hurbildu eta gutxieneko akordio bat erdiesteko: hauteskunde aurrerapenak etxeko lanak egin gabe harrapatu ditu, beste behin. Hortxe dabiltza, kezkatuago akordiorik ezaren kontakizunarekin, akordiorik ezarekin eta horren ondorioekin baino.

Bi egia eztabaidaezin: azaroaren 29ko hauteskundeetan PSOEk ez du eserlekurik lortuko 2023ko uztailekoetan lortu ez zuen probintzietan, eta Sumar + Podemos bikoteak ere (SP) ez du lortuko diputaturik hauteskunde beretan lortu ez zuen barrutietan. Hortik abiatuta, eta eskuin muturraren eta eskuin muturreratuaren gehiengoa eragotzi behar bada, dosi handiak beharko dira irudimenetik eta jarrera onetik.

Eman dezagun diputatu gutxi dituen probintzia bat —bat baino gehiago daude—, zeinetan 2023koetan oso alde txikiarengatik azken diputatua PPk edo Voxek lortu zuten. Probintzia horretan SP bikotea urrun samar geratu zen diputatua eskuratzetik. Zer egin? Orain arte bezala jarraitu, edo irudimena eta borondate ona konbinatu?

Horren zaila da probintzia horretan PSOEren eta SPren arteko akordio irudimentsu batera iristea azken diputatu hori ez PPrena eta ez Voxena izan ez dadin? Nola? PSOEren zerrendan jokoan dagoen diputatuaren lekuan SPko hautagai bat sartu, SP probintzia horretan ez aurkeztu eta botoa SPkidea dagoen PSOEren zerrendaren alde eskatu. Hartara, SPk diputatu bat lortuko luke bakarrik joanda aterako ez lukeen probintzian, PPk edo Voxek diputatu bat galduko lukete probintzia horretan, eta PSOE eta SP gertuago egongo lirateke gehiengotik. Probintzia batean baino gehiagotan funtziona dezake formula horrek.

Zaila da, baina zailagoa —gogorragoa— izango da PPren eta Voxen gobernu bat jasatea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA