Ailegatu da eguna. Nik neuk pentsatzen nuen noizbait etorriko zela, baina urte batzuk barru. Kontua da etorkizunak abiadura bizkortu duela, eta jabetzerako iragana da. Zenbait liburutan edota sormen artistikotan, daborduko, agertzen da AA bidez egina; hori, baliotzat hartu beharko bagenu bezala. Beharbada ohartarazpen soila baino ez da. Gurean adimen artifizialarekin dagoen lilura akritikoa txundigarria da, baina horretaz beste batean arituko gara. Gaur, dagoeneko, gizakion errealitatera heldu dena: Kataluniako Raig Verd argitaletxeak sare sozialetan ondo argi iragarri du: datorren irailetik gora euren argitalpen guztiek Gizakiak egina zigilua eramango dute. Idazle, itzultzaile, kolaboratzaile edota Raig Verd argitaletxearekin lan egingo duen edozeinek jakin behar du sormen lanetan ez dela AA sortzailez egindako lanik ametituko. Alegia, Raig Verd argitaletxeak balioan jarriko duela gizakiak egindako sormena. Honek AA bidez egindako sormen lanak salbuespenetik harago ohikotasunean sartu direla pentsatzera garamatza, edo narama, nahiago duzun bezala.
Abangoardia da datorrena aldez aurretik aurreikusten duena, eta MartĂ Santiago eta LucĂa Polinario hortxe daudela esan genezake. By Humans izena duen enpresa sortu zuten duela urte gutxi batzuk; Europan bakarrenetarikoa. Metodologia zorrotza garatu dute: literatura, ilustraziogintza, ikus-entzunezkoak edota osterantzeko sormen artistikoak gizakiak eginak ote diren berresteko. Ezagun batek esan zidan behin AAri esker denok idatzi ahal izango genukeela liburu bat edo grabatu disko bat. «Non geratuko da giza talentua?» galdetu nionean, ez zela garrantzitsua erantzun zidan. Eskerrak kultura bilakaerari esker garela garena erakutsi duela zientziak, bestela, duela 88 milioi urte atzera geundeke, eta, ziurrenen, behi edo satitsuak ginateke. Christopher Nolan zine zuzendariak Odisea filmaren aurkezpenean esana utzi du: AAk beti beharko du giza sormena. Eta hori ere esan behar da, AAk giza sormena lapurtu egiten duela.