Goizalde Landabaso

Anonimoa

2026ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotan Virginia Woolf idazlearen esaldi bat etorri zait akordura: historiaren zatirik handienean anonimo emakumearen sinonimo izan da. Zuk bazenekien Xeherezaderen kontuak dakartzan Mila gau eta bat gehiago bilduma anonimo batek idatzi zuela? Edo Jane Austenen Zentzua eta sentiberatasuna-ren lehen edizioan, egiletza, «by a Lady» (Andrazko batek egina) izan zela? Sortzaileen munduan anonimoak asko izan dira. Denboraren distantzian, agian, sorkuntza lana sinatuta ez egoteak ez digu, kolpean, ezelango jakin-minik pizten. Zer gertatzen da, baina, bizirik dagoen norbaitek egindako sorkuntza lana ez sinatzea erabakitzen duenean? Ez doa hau dena bizi dugun etengabeko agertu beharraren kontra?

Espainiako Barrett argitaletxe independenteak hamar urte bete ditu, eta ospatzeko erabaki ezustekoa hartu dute: AnĂ³nima izeneko liburu bilduma atera dute. Zortzi liburu izango dira (dagoeneko lau kaleratuak daude), modu berezian atonduak eta sinatu barik. Alegia, ez dakizula nork idatzi duen liburua egiletza agertzen den tokia beltzez ezabatuta dagoelako. Honekin konpon liteke hamaika otordu-oste bete dituen egilea-egiletza dilema. Hots, berdin dela zeinek idatzi duen, garrantzitsuena idatzitakoa dela, testua. Izenik ez duenak izanik ez duela esan ohi da gurean, baina liburu hauetan bada izanik, kontua da ez dutela jakinaraziko izena. Korrontearen kontrako norabidea dirudi. Warholen hamar minutuetako ospe aldarrikapena pikutara bota, eta asmo irmoa erakusten da hemen: zer inporta du nork idatzi duen? Ai, lagunok, nigan itzelezko jakin-mina piztu du. Andrazkoak ala gizonezkoak idatzi du? Esamolde honek badirudi... ez gaude ohituta. Gugan eta gure oniritzian zenbateko eragina du sortzailea gustuko badugu edo ez? Gurean zer eragin izango luke horrelako zerbaitek? Nork eskuratuko lituzke egiletza eskubidearen sosak? Nork egingo lituzke prentsaurrekoak edota aurkezpenak? Baloratu ahal izango genuke sormen lana bere horretan? Eta gerora jakingo bagenu egilea maite ez dugun norbait dela, aldatuko ote litzateke gure iritzia?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA