Iñigo Aranbarri.

Antidotoa

2026ko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsik dago Cajamarcako plaza Atahualpa agertu denean, armarik gabeko milaka lagun dituela atzetik. Pizarrok hitzorduari huts egin diola dirudi. Halako batean, fraidea agertu zaio, gurutzea dakarrela eskuan. Uzteko bere sineskeriak diotso, eta onartzeko Kristo errege eta Espainiako Karlos I. Atahualpak nekez entelegatzen du zer dioen. Sumindurik, harrika bota du dominikoak eman dion brebiarioa. Orduan entzun da arkabuza. 

Tronpeten hotsak hartu du plaza, falkoneteen danbadak eta zaldien irrintziak. Trumilka sartu dira soldaduak su eta herio, esparru zarratuan. Iluntzerako, zazpi mila inka dautza hilik; espainiarretatik, bakarra: esklabo beltz bat. Atahualpa gatibuak urrez beteriko gela bat eta zilarrez beteriko bi eskaini dizkie aska dezaten. Onartu egin dute tratua espainiarrek. Altxorraz jabetu bezain agudo hil dute. Haren emazte Kushi Rimay Uqllu, berriz, zakilpean hartuko du Pizarrok. Bihar da Cajamarcako sarraskiaren urteurrena. 

Ia bost mendera, Azpeitian da Atahualparen altxorraren itzala. Ohekide gazte batekin eta haren dotearekin itzuli zen Nicolas Saez Elola kapitaina. Neska Sevillan abandonatu eta, gorago nahi, Ana Velez Altzaga herrikide noblearekin ezkondu zen. Baina emazteak salatu egingo du Peruko heroia: tratu txarrak eman dizkio, ia hil du. Nor izan den erakutsi nahi du, hala ere, Elolak. Herriko parrokian, kapera errenazentista zoragarria eginarazi zuen, konkistatzaileen Gernika bat, bertan ehortz zezaten. Eta han dago oraindik Pizarroren gizona, Cajamarcako sarraskiaren irudi heroikoz inguratua, ikusi nahi duenarentzat begi gozagarri.

Egun, instituzioek aldarrikatu eta hedabideek errepikatuta, euskaldunon kemena eta ekimena inongo zikinik gabe famatzen zaizkigularik, ez da antidoto txarra, harrotzen garenerako, Elola dontsuaz gogoratzea, eta lipar batez galdera basikoren bat egitea, lehengairik ez izanik, nolatan garen hain ederrak, hain aberatsak eta hain buruiritziak inguratzen gaituen mundua hain pobrea eta itsusia den bitartean.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA