Iñigo Aranbarri.

'Apocalipse Now'

2026ko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemen da hondamendia. Aski da lagun artean biltzea, auzokoekin, lankideekin, eta bata-bestearen atzetik aletuko dira perlak, ardi gorotza nola. Eta bakarrik gelditzen zarelarik, Martin Sheen zara Vietnamen, napalmezko zaparradapean, Kutz koronelaren hondar hitzak dituzula gogoan: «izua, izua...».

Ateratzen den gaia ateratzen dela hizpidera, ez baita izua eragiteko besterik. Etxebizitzarena bat da, baina tamalez, ez bakarra eta, estutuz gero, ezta larriena ere. Izan ere, zertarako etxea ezinezkoa bada aterpea. Klimarenak ez du atzera biderik. Gorritu zaizkigu lurrak, ez dute zer jan abereek, udak kiskalgarriak dira, itsasoak karibetu zaizkigu, urtuko dira izotzak eta agortuko urtegiak euria egiten ahaztu zaiolako.

Nazioartean, Kutz baino agintari eroagoen esku gaude. Amaitu dira etika kontuak inoiz halakorik izan bada, eta munduaren beste muturrean hartutako erabakiek milioika lagun jarri dituzte noraezean, edonon sartzeko pronto. David Gross fisika nobeldunak asteon: «34 urte barru gure zibilizazioak hemen jarraitzeko aukera txanpona airera bota eta aukeratu duzun aldea ateratzearen bestekoa da». Ez gaitezen, baina, katastrofista paratu; noiz egon gara sarien alde. 34 urtean Adimen Artifizialak askatuko gaitu lanaren neketik... ogirik gabe uzten ez bagaitu. Edo botoi nuklearrari berak sakatzen ez badio.

Etxean, porrotez eta txapuzez mintzo gara. Ezer gutxi dabil dagoeneko ganoraz. Egun, ezinezkoa da inorekin aurrez aurre solastea gestio txikiena konpontzeko. Eta agian hitzik behar ez dugulako ari gara hizkuntza gabe geratzen. Nola zen Verneren Grant kapitainaren seme-alabak nobelako geografoarena? Portugesez mintzo zen espainolez zebilelakoan.

Eta hauteskunde hotsa txaide zabalean atzera. Eta hor sartuko gaituzte betikoan, beldurraren eta esperantzaren jolasean berriz: izan fedea gugan. Apokalipsi giro honek unean uneko erabaki politikoekin zerikusirik ez balu bezala; ditugun eliteak, eurei ardurak eskatzeko barik, geure arrunkeriatik miresteko bagenitu bezala, Erdi Aro berri honetan. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA