Hedoi Etxarte

Arau berriekin

2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Azalberrituta iritsi zen BERRIA asteartean. Estetika horrek zutabe honen arauak aldatu ditu. Xabin Makazagak garaiz esan zigun bi ezaugarri aldatuko zirela: izenburuak gehienez bi hitz behar zituen eta 1.900 karaktere ingurutik 1.600era pasako zen tartea. Inportanteena ez zuen esan: hemen idazteko dugun askatasun eta babesa.

Halako batean, behingoz gai herrikoi bati buruz hitz egiteko gogoa nuen. Baina ez dut dokumentazio lana egiteko astirik izan. Kirolaren historian egon diren arau aldaketez hitz egin nahi nuen. Ez dakit, esaterako, betidanik diren 22ra arte esku pilotako partidak, ala, lehenago, demagun, teniseko kontatzeko sistema erabiltzen zen. Antza denez, 1950eko Frantziako Tourrean 4.773 kilometro korritu zituzten, eta beherantz joan da kilometro kopurua, 2022ko 3.300etara. Noski, nabarmena da ez dela gauza bera Labriteko aldapa jeisten duen tartea eta Belagua aldean gorantz egon daitekeen edozein malda. Ikusi dut ere, prentsa espezializatuan, futbolean ere aldaketak egin dituztela, esaterako, ospakizunak hain luzeak ez daitezen izan. Horrek jokoari tarte handiagoa emango omen dio (kirol askotan erlojua geratzen dute jokoa geratzen denean) baina futbolean, oraingoz, ez da hala. Ez dakit horrek eragingo ote dion, kirolean ere hain garrantzitsua den faktore psikologikoari: poza ezkutatzeak lagunduko dio gola sartu duenari ala kontrakoa gertatuko ote zaio.

Edonola, puskaz ederragoa den txoko honetan bada niri nostalgia eragiten didan letra txiki bat, eta da, Xabinek aitortu zidala, hemendik aurrera ezingo duela tranparik egin, bost hitzeko izenburuak sartzea, esaterako.

Segi dezala jokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.