Hedoi Etxarte

Aresti meets Bad Gyal

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun berean askatu dira plataformetan Ekidak elkartu dituen gaur egungo euskal musikako artista nabarmenetako asko batzen dituen Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean (Borla, Berun, Mirotz, Rodeo, Nakar, Malakias) eta Bad Gyal abeslari katalanak Jorge Milliano eta Cromo Xrekin osatu duen Da Me.

Inork topa dezake kontraesan bat proposamen baten eta bestearen artean eta, ordea, egia bat esateagatik... ez dut onartuko gure garaiari, gure zaletasun onargarri eta onartezinei kontraesan izaera jartzen zaienean: Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik./ Deustuko Eskola. Jesuitena, / Ez, hangoa, Egurrezko etxe haiek./ Ijitoak, esan zuen lotsaturik dakar Arestik eta gero aipatzen ditu el Greco eta Goya.

Erabat sintonian irudikatu ditut, uztailaren 14ko arratsean, Jarautan egotea mereziko duen ostaturen batean J Martinak ekarri duen Emazurtz (Baina inoren zorrik/ Ez dun ordainduko,/ Eure etorkizunak/ Ditun apainduko) eta segidan Bad Gyalen Da Me abestea (Sartzen dit, sentitzen dut, tamaina horretarako prest daukat). Eta gero Ahoarekin kendu dit tangatxoa/ Neu baina artistagoa da/ Egidazu ttu ahoan.

Gatazken pintore, parlament gizonen, burgesaren eta ur gezaren plomo hura bueltan zor duguna, harria ez da nabari, estalita kristalen gainan harriz, poesia merke ezina, markesinan dago eustez euskal bisuteria... ez dakit dena, ez dakit zerbait entelegatu dudan Mateo Zikuta eta Caliék Aresti interpretatu dutenean, baina niretzat bisuteria da Juana Doloresen Girgileria (zeina den Bad Gyalek duen zale amorratu eta inkondizionalena, ziurrenik).

Sarritan aipatzen da, heriotzak ezinezko egin zuelako, zetorren Arestiren aro berri bat (nik hor Arestiren momifikaziora dedikatu den Akademiaren beste jokalditxo antikomunista bat besterik ez dut ikusi izan: Harrizko Herri Hau-ren osteko poemak armak hartu aurreko Ulrike Meinhofek sinatuko lituzke). Aro berri hori izan zitekeen Lurdes Iriondo berri bat, Elenek Zortzi bertso berrietan haragitzen duena, ala etorriko den euskal Bad Gyal bat, Arestiren bertsoak oinarri: arabe mutilak gozatuko ditugu, euskeraren alde negroak bagina bezala portatuko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.