Ander Perez Argote
LARREPETIT

Artozki eta gauza ederrak

2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Azkenaldian konturatu zara gehien estimatzen zenituen liburuak ez daudela apaletan. Gustatu zaizkizun horiek beste batzuei uzteko zurejoeragatik izango da: beti maite izan duzu liburuak oparitzea. Eta, egia esan, ez dakizu zure kontua den bakarrik, edo ez ote gabiltzan beti edertasuna partekatu nahian. Iazko CUPen udako eskolan Carlos Fernandez Liria filosofoak Gauza ederretarako eskubidea izenarekin emandako hitzaldiarekin gogoratu zara. «Zer da zerbait ederra dela sentitzea?», galdetzen du Fernandez Liriak. Eta aho beretik dator erantzuna: «Besteak zu sentitzen ari zaren hori bera sentitzen ari direla sentitzean datza». Partekatze horretan, identifikazio horretan, funtzio askatzailea eta berdintzailea egozten dio Liriak edertasunari. Biontzat bada ederra, orduan biok gara berdin eta pareko.

Zutabe txoko hau partekatzen duen Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan eleberriarekin pasatu zaizu azkenekoz, apalategira bila joan eta bertan topatu ez duzunean. Gogoan duzu Leioan ikasle zinela irakurri zenuela, eta orduan hartu zeniola benetako neurria Itoizko urtegiaren hondamendiari.

Orduan desagertutako eta orain agertutako artelanen istorioak eraman zaitu liburuaren bila. Artozki eraistera zihoazela, kulturaren munduko jendearen lanak bildu zituzten Itoitzekiko Solidarioek. Herriarekin batera urpean gelditzea zen bultzatzaileek artelan horientzako pentsatutako patua. Tartean ibilitako Gari Berasaluzek azaldu du ideia: «Joko gaituzte, eta herria ere eraitsiko dute, baina, igual, kulturaz betetzen badugu, pixka bat zailagoa izango dute; hori zen ideia». Baina herria eraitsi zuten, eta artelanak konfiskatu. Orain, horietako hamalau agertu dira, modu anonimoan.

Bistan da Artozki artelanez josteak ez zuela polizia geldiarazi. Eta bi esplikazio izan ditzake horrek. Bat, edertasunak ez duela halako botererik. Eta bi, ez dagoela poliziarekin berdindu edo parekatzerik. Eta ez zaude prest lehenengo baieztapena onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.