Hedoi Etxarte

Asier Iragorriri

2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Albistearen lerroburuak zera zioen: «Hirigintza operazio batek 11 familia etxegabetu nahi ditu beren etxetik Basaurin udalaren laguntzarekin». Hortik aurrera, artikulua irakurtzean ukabilkadaz ukabilkada zauritu, laurdenkatu eta hiltzen duten pertsona bat bezala irudikatu nituen Basauriko 11 familia horiek. San Fausto kaleko 5, 7, 9 eta 11 blokeak lurrarekin berdindu eta 275 etxebizitza berri eraikiko dituzte. Egungo hizkeran «etxebizitza libre» deitzen dieten 204 eraiki nahi dituzte. «Etxebizitza libre» bat da, hain justu, jende gehienak, bizi erdirako zorpetu gabe, inoiz erosi ezingo duen etxe bat. Horretan oso da zintzoa kapitalismoa, gure mundua: librea da ordain dezakeena. Eta gero daude babes ofizialeko etxebizitzak, estatuak kapitalari eta bankuei laguntzen dien horiek: baldintzapeko askatasuna. Basauriko kasuan 61 lirateke.

Basauriko albisteak dena dauka: Atxalar higiezinen enpresak, Amurrioko Destilerías Acha-rena denak, alde bateko erabakiz, bertan behera utzi zien kontratua 11 familiari. Udalaren etxebizitza kudeatzeko organismoak, Bidebik, ez die inolako alternatibarik eman lagun horiei. Basauri bezalako udalerri batean, Batu etxebizitza sindikatutik adierazi dutenez, 700 euroko alokairuak eskatu ohi dira, kasu honetan, familia askorentzat, beren diru-sarreren %70 litzateke hori.

Basaurin bertan, duela ez hainbeste, Grupo Eibar enpresak, lurzoru publiko izandako baten gainean, 400.000 eta 700.000 euro arte balio zuten etxebizitzak eraiki zituen. 

Bi gauza egin zitzaizkidan bitxiak eta, aldi berean, ohikoegiak. Batetik, inon ez zen jartzen udaleko arduradun politiko eta teknikoen izenik, ezta operazio hauetan parte hartzen duten enpresarien izenik ere. Bestetik, Basauriko albiste bat, tokiko albiste gisa irakurtzen dugula, hango ez garenontzat bigarren mailakoa balitz bezala. Eta hau, atzean elkartasun eta salaketa talde bat eta albiste bat dagoenean, halako zenbat ez diren hemeroteketan ere geratuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.