Ez dakit ohartzen garen auziaren larriaz. Berez, gordina da bere sinpletasunean: ofizialki biktima gisa aitortutako pertsona batzuen biktima izaera hori auzitan jartzen ari da haien heriotzaren 50. urteurrenean. Harago noa: erregimen frankistak, eta zehazki auzitegi militarrek, frankismoaren aurka egiteagatik epaitu eta heriotzara kondenatu bazituzten, ez da astakeria esatea antifrankista izateagatik hil zituztela, ala? Beste gauza bat da praktika antifrankista hori non gauzatu zuten. ETAn, mugimendu anarkistan, FRAPen edo dena delakoan. Eta premisa horretatik abiatuta, oso bestelakoa da eragile bakoitzak ondorengo urteetan zein bilakaera izan duen. Txiki eta Otaegik behinik behin ez zuten desmartxa horren jarraipena egiteko aukerarik izan, bata 21 urterekin eta bestea 33 urterekin hil baitzituzten, fusilatuta, ez dezagun ahaztu detaile hori.
Elizabeth Jelin memorian adituak dio gertakari historikoak egungo perspektibatik begiratu ohi ditugula, eta hortaz, memoria, berez, ez dagokiola garai hari, orainetik iraganari begiratzeko moduari baino. Eta oraina ere dinamikoa denez, unean uneko interesen arabera moldatzen da kontakizuna. Horrela uler daiteke, esaterako, duela hamahiru urte Eusko Legebiltzarrak aparteko arazorik gabe aitortzea Txiki eta Otaegi indarkeria politikoaren biktima gisa —bide batez, aitortza hori jasotzen aurrenekoak izan ziren—, eta orain instituzio hori bera osatzen zuten zenbait alderdik trabak jartzea haien oroimena behar bezala gauzatzeko. Ez dut repipia izan nahi, baina doitasunaren alde, egunotan oztopoak jartzen dituzten horiek jakin behar lukete biktimen izendapena eman zien batzorde ebaluatzailea Carlos Martin Beristain eta Manuela Carmena bezalako pertsona aintzatetsiek osatu zutela.
Memoriaz ari garenean bada Larissa Nadaik, Rafael do Nascimentok eta Cilmara Veigak egiten duten beste galdera bat: nor dago prest entzuteko? Bada, ematen du kontakizunaren gatazkaren egunotan zenbaitek eremu batzuetatik datozen ahotsak ez entzuteaz gainera giza eskubideen urraketei ez ikusiarena ere egin nahi dietela. Baina, ez ikusita ere, udazkenero askatasun haizeak bisitatzen du Euskal Herria.