Maider Galardi

Aurtzaka doaz

2025eko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez gara kostakoak, baina etxean beti jaso dugu Lasarte-Michelin arraun taldeak noizbait balentria zenbait egin zituela, eta gaztetatik joan izan gara Kontxako Bandera ikustera. Ia ausaz hautatutako koloretako kamisetak soinean, halaxe joaten ginen 14 urteko gazteak, kalimotxo eta orgasmo litroak poltsan, portutik korrika, tiketera ireki aurretik goizeko bederatzietan Urgullen debalde estropadak ikusteko lasterka. Gu hara joaten hasi ginen urte bertsuan hasi zen emakumeen estropada jokatzen, eta zintzoki, esango nuke urte batzuk beranduagora arte Aquariumeko goialde hori ez zela betetzen gizonezkoen saioa hasi arte.

Orain, batzuok alderantziz egiten dugu: Aquariumean egon emakumeen estropada bukatu eta arranpara jaisten garen arte. Hor datoz Tolosaldea, Donostiarra, Zumaia, Hibaika, Orio, Astillero eta Hondarribia. Hor dator Arraun Lagunak, laugarren bandera haizatuz ontzian. Nik edozein koloretako kamiseta random-a aldatu dut amonak herentzian utzitako zuri-urdinagatik. Lehengusina dugu aurrekalari Lugañenen, eta arraunketari engantxatuta pasatu ditut azken urteak. Hizkuntza batek mundu berri baterako sarbidea ematen badu, niri itsaso zabal bat eman dit hiztegi zati batek. Karela, branka, tosta, hankekoak, ubera...;  ur horietan pasatu ditut azken udak estropaden olatuak harrapatuta. Badira, zoritxarrez, emakume arraunlariek aurre egin beharreko olatu zakarrak ere: baldintza profesionalak lortzeko zailtasunak, haien gorputzaren gaineko segimendu zorrotza, ikusgaitasun falta, distantziengatiko gutxiespenak, banderek dakarten sari ekonomikoetan diferentziak, eta abar, eta abar. Ez toki denetan eta ez beti, baina gertatu, gertatzen da. Haiek, bien bitartean, segitzen dute arraunean, baita haizea kontra denean ere, aurtzaka. Ongi legoke arranpan elkartzen garen lurreko horiek ere urtean zehar norabidea aldatzeko arraunketara batuko bagina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.