Maider Galardi

Azken dantza

2026ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak badu egunkari bat, eta nik bi urte pasatxoz egunkari horretan asteroko zutabe bat izateko ametsa bete dut. Berez, amets asko bete ditu behinola, 7 urterekin, manifestazio batean Xingola askatu! oihukatzen zuen haurrak. Egunkariarekin ikasi nuen irakurtzen, eta BERRIArekin, aldiz, idazten, nahiz eta norbaiti entzun nion irakurtzea berriro idaztea dela, eta, alderantziz, idazteko ingurua irakurtzen jakin behar dela. Horretan aritu naiz modu batean edo bestean —hobeto edo okerrago— periodiko honi lotuta azken hamar urteetan.

Etxetik joateko garaia da orain, bai behintzat asteroko bisita egiteari uztekoa. Dakienak badaki asko kostatu zaidala, estalpe honek babesa ematen duelako zeure burua ehunka irakurleren aurrean biluzten duzunean. Ez da babes sinbolikoa bakarrik. Baditut inguruan beste kazetari eta komunikatzaile feminista batzuk, eta lanerako autonomia eskertzen bada ere, ospela da freelancearen bizitza. Ez ekonomikoki soilik. Urteotan irain, mehatxu edo iruzkin mespretxagarri edo biolentoren bat jaso badut, beti izan dut egunkariaren babesa atzean. Eskertzen dut orain, baina eskertzen du baita ere duela 10 urteko «neska gazte promesak». Izan ere, etxe honek zerbait eskaini badit, analisiak egiteko gaitasun kritikoa eskaini dit. Gauza bat delako albistea ematea, eta beste bat horren gaineko hausnarketa landua egiteko zilegitasuna sentitzea. Horretarako, beti izan dut behar nuen espazioa hala kazetari nola iritzigile. Taldeak hauspotutako ausardi horrek eraman nau aurreneko podcast feminista gidatzera eta bi urtez zutabegile aritzera. Alderantziz, eskertzen dut pertsonalismoak larregi ez saritzea, ego puztu honek puxika baten moduan ihes egiteko tentaldirik izan ez zezan. Eskertzen dut halaber gazte eta promesa izateari utzi ondoren ere nirekin kontatzea, nahiz eta azkenaldian badudan hain fin ez aritzearen sentsazioa.

Izango da partez oraindik gazte eta promesa ez, baina oso neska naizelako, eta iruzurgilearen sindromeak noizbehinka atea jotzen didalako. Baina, irudipena daukat nire idazteko manera iraungi dela, eta berriro ikasi behar dudala idazten, eta idazteko ingurua betaurreko berriekin irakurtzen. Horretarako, leitu eta leitu egin behar dut, besteak beste, irailetik aurrera ostegunetako zutabe hau okupatuko duen iritzi emailearen obra berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA