Maider Galardi

Azterketak

2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur da ikasleekin dudan azken klase eguna. Seguruenik betiko protokoloarekin amaituko da. Azken bost minutuetan eskatuko diet gogobetetze inkesta betetzeko, eskerrak emango dizkiet nire ikasle izateagatik eta esango diet azterketa egunean «X ordutan, X gelan» ikusiko dugula elkar, «animo azken txanpan». Hor doaz klasetik kanpo oinak, betzuloak eta motxilak arrastaka. Nire ikasgaiaren kasu konkretuan, astebete eskas dute mirariak egin eta azterketa gainditzeko. Kexu dira Gabonetan hiru asteko tartea izaten dutelako probak prestatzeko.

Ia ziur, etxera helduko naiz klase ostean eta lehengusina topatuko dut portaleko eskaileretan behera, bera ere oinak, betzuloak eta motxila arrastaka liburutegira bidean selektibitatea prestatzeko. FCK SELE ikusten dut fakultateko hormetan, eta badakit hiru aste barru angustiaz eta egonarriz beteko direla korridoreak. Leioan bezala, ziur Iruñean ere estututa izango dela ikasle andana, nahiz eta ez den azterketa berbera erkidego batean eta bestean. Lehenengoan ikasleen %60k-edo egingo dute azterketa euskaraz, Nafarroan, berriz, %25 inguruk. 

Badira, gainera, proba euskaraz egin nahi eta ezin dutenak. Ekainaren 12an planto egingo diote hainbat ikaslek baxoa frantsesez pasatzeari. Nire lehengusina ikusten dut etorkizunak itota, eta ikaragarrizko konpromisoa eta desobedientzia ariketa iruditzen zait ikasle hauek egingo dutena, jakinda, beharbada, kolokan geratuko direla haien ikasketak. Badakit, gainera, bestela ere zaila dela euskaraz ikasten segitzea, haien baxoa haztatu behar baita hemengo USEarekin. Zailtasun horiek guztiak pasatuta datorren urteko kurtso amaieran Ipar Euskal Herriko ikasleren bat kexuka badut azterketak goizegi direlako, irribarre egingo dut eta «animo azken txanpan» esango diot. Albiste ona izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA