Itzea Urkizu Arsuaga.

Bagoian

2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekatuegi nago behar dudan gauza bakarraren aurrean errenditzeko ere: betazalei nahi gabe erortzen utzi, arnasa motelean zazpi bat orduz pausatu.

Ideiak entzun egiten ditut, ia-ia, squashean jokatzen, bizi-bizi, nire garezurraren kontra. Eta gaueko hamaikak pasatxo izanagatik, partida ez da bukatzen. 

Akaso gorputza bizkorra da, eta ez dio loari ni hartzen utzi nahi, badakielako ametsetan ere liburuak eta liburuak eta jendea, jende asko, jende desberdin pila bat agertuko litzaizkidakeela; hainbeste jende, jende ezagunaren aurpegiak lehenengo kolpean ezagutzea ere kosta egiten baita. 

Abiadura azkarrean doan tren bateko bagoian bidaiatzearen parekoa da Durangoko estand batean eguna(k) pasatzea. Kanpoan, paisajea lauso eta mugimenduan, erabat, ezer zehatzik definitzeko masaegi. Barruan, bidaiariak paisajeari so, paisajeari deika, paisaje zati bat betiko erretratatu nahian. 

Egia baita Durango erromesaldi bat dela, edo pertsonen erakusleihoa liburuen aitzakian. Folklore askotxo darion hitzordu programatua, edo denboraren makina, garunean aspaldi desaktibatutako aurpegi-izen konexioak berriz piztu nahian. Durango da gure herriko bandogintza berresteko geltokia, edo idolo zenbait desmitifikatzekoa. Durango da zazpi euskal herrien benetako kohesioa, beste ezerk baino lehen, txutxu-mutxu nazionalak lortuko lukeela pentsatzeko plaza. 

Baina, horren guztiaren gainetik, Durango oasi bat da euskarazko sorkuntzarentzat. Gurean gero eta gehiago eta erdarazkoago irakurtzen dela badakigun arren, eta estand barruko bidaiariak limurtzen dituen paisajeak espejismotik asko duela ikusten dugun arren, ez legokeelako ez trenik, ez bagoirik, ezta paisajerik ere, azokarik gabe; desertuan ur putzuak bilatzen nola bizi ikasi beharko genuke agian, urteko gainerako hilabeteetan. Lankide jakintsu batek bagoian esan didan bezala, «Durangoko Azoka existituko ez balitz, asmatu egin beharko genuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.