Blanca Urgell

Barne-berreraiketan

2025eko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ez naiz ohitu bilatzailearen AA bidezko lehen erantzunekin: «Barne-berreraiketaren helburu nagusia enpresa baten finantza-egonkortasuna berreskuratzea da». Mendekuz, «It’s stupid, the economy» asmatu dut, asmatu badut.

Bada, «in linguistics» erantsi behar izan dut. Not mainstream izan, nonbait, eta lehen lekuan Wikipediaren Internal reconstruction sarrera eman dit, zeina beste sei hizkuntzatan baino ez dagoen, galegoa hurbilena (euskaraz gaurtik).

P. H. Matthews-en definizioarekin hasten da: «Barne-berreraiketa hizkuntza baten historiaren aurreko egoera bat berreraikitzeko hizkuntzaren barne-ebidentzia soilik erabiltzean datzan metodoa da». Hizkuntzek beti, edozein garaitan, euren iraganaren zantzuak gorde dituztelako hatsarrean oinarritzen da.

Adibidez, dot-dozu-dau eta det-dezu-deu paradigmetan hirugarren pertsonek bakarrik (dau, deu) gorde dute diptongo zaharra. Lekukotasunak erabiliz (Landucciren eun, Axularren euzu, RS-ren euterren, Haranbururen eduitea…) *edun partizipioa aise berreraikitzeaz gain (eduki ere hor dugu), egon-etik *dago dugun ber, dau eta deu, biak ala biak, antzina *dadu zirelakoan gaude.

Dio-dizut-didazu… nor-nori-nork adizkien erroa zein ote zen asmatzeko i hutsa besterik ez dugu (*d(a)-i-), aldiz. Uste dugu testu zaharretako ‘eman’ esanahidun bera dela: Materraren «iguzu egun gure eguneko ogia», XVII. mendeko kanta bateko «Despedidan indazu laztan bat, laztana», Etxepareren «eta etsaiak didan pena pazientki haritu [‘hartu’]», Viva Jesus dotrinako «cumplietaco dinden penitencie», etab. Halaber, aditz zaharren eCVC ohiko egitura (egon, ekar, eman, etor…) eredu baliatzen dugu *enin berreraikitzeko: indazu eta dinden-ek bukaerako -n bere horretan dute, eta bestea derrigor kontsonante galkor bat izan behar, egin-en g-z bestelakoa.

Gu ere barne-berreraiketan gabiltza astelehenaz gero. Norbaitek esan bezala, urtea egiazki irailaren 1ean hasten da. Urte berri on!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.