Maider Galardi

Begiak piztu

2026ko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezagutzen dut atzoko egunez Bilbotik kotxean lasterka etorri, Donostia kanpoaldean aparkatu, bizikleta hartu, abiada bizian Askatasunaren etorbidera ailegatu eta Teresa del Valleren omenezko kilometroan korrika egin duenik. Nik ere egin nezake halako balentria bat: joan Donostiara trenez, egin kilometro bera lankideekin, korrika itzuli trenera, eta berotuta oraindik Lasarten berrartu Korrika. Miresten dut Del Valle, inspiragarriak zaizkit haren lanak, hunkigarria da ikustea nola pizten zaizkien begiak ikerketa taldekoei beraz hitz egiten dutenean. Haiekin errepasoa eginda ohartu gara gu izan ginela haren azken ikasleak, masterrera bi eguneko mintegi bat ematera etorri zenean. Han ezagutu nuen Mer Gomez, Salamancako lagun mina. Del Valle bezala, lan etnografikoa eta feminismoa uztartzen ditu Gomezek bere lanetan, baina ez du aukerarik izan lehenago Korrika ezagutzeko. Teresak bai, Korrikako barru-kanpo guztiak bildu zituen duela 40 urte pasatxo etnografia gogoangarri hartan. Imajinatu dezaket begiak diz-diz hara eta hona adi begira. Gauza batzuk aldatu dira ordutik, baina badira oraindik ikerketa hartatik jaso ditzakegunak: euskara transmititu eta garatu beharreko elementu moduan agertzen da lan horretan Jaime Altuna antropologoaren arabera. Korrika, beraz, espazio publikoan garatzen den ekimen kolektibo bat da, hizkuntza-sozializazioaren izaera elkarreragilea azpimarratzen duena.

Gauza batzuk aldatu dira halaber duela zazpi urte Mer ezagutu nuenetik. Onak eta txarrak. Txarra: euskararen aurkako oldarraldia gero eta agerikoagoa eta itogarriagoa da. Ona: zorteduna naiz orain herri berean bizi garelako Gomez eta biok. Lehen aldi hartan urtebete egin zuen euskaltegian, eta hona etorri denean berriz itzuli da AEKra. Whatsappez euskaraz ari gara, hitzaldi eta antzerkiak euskaraz ikusten ditugu, kuadrillan euskaraz egiten dugu. Batzuetan nabari ditut bere begi kontzentratuak, gogotsuak eta nekatuak. Atzo dobletea egin nezakeen, baina lagunarekin egon nahi nuen goizean goizetik, lekukoa urrunean ikusi eta begiak nola pizten zaizkion ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!