Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Beldurra

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Beldurra da, esan digu Akademiako Galeriako atezainak. Florentziako gainontzeko museoetan bezala, ez dago ilararik sarreran. Inor ez txartelak erosteko leihatilan. Hogei lagun eskas daude Dabidi begira. Beldurra da, eta sorbaldak altxatu ditu.

Baina beldurra egin egiten da, fabrikatu egiten da, bere mekanismoak ditu azken zokoraino heltzeko, eta ezinbestean, edozein pandemia baino arinago zabaltzen da. COV-19 birusaz kutsaturikoen kasuak Italian azaldu arau, ikusgarriagoak egin dira egunkarietako azalak, izugarriak albistegien hasierak. Musuarrekoa daraman turista bat Duomoaren aurrean.Apalategiak hutsik supermerkatuetan. Poliziak, militarrak eta osasun-astronautak nahinon.

Literatura bikainez hornitu da dena berehala. Konparazio egokia delakoan, Europa jendegabetu zuen Izurri Beltza ekarri da hizpidera; 1918ko espainiar gripea, onenean. Inoiz baino informazio gehiago dugu, baina ez da gaia aurkezteko beste biderik,gripetik ihesi, euren herrialde ustez garbira pauso presatuz musuaurrekoak jarrita heltzen diren ikasleak baino. Kazetaritza modu baten eta munduri begiratzeko era baten ondorio, nahita eta jakinaren gainean eragin da histeria hau. Fribolitatezjokatu da, orokorkeriak sortu dira, eta psikosiaren gauzak, jendea jarri da jendearen kontra. Orain italiarrak dira atzo txinatarrak zirenak. Ikasiak behar genuke, baina bihar, auskalo zein izango diren. Aireportura ihesi heldu diren ikasleenak kontatzea ahaztu zaien jarraipena du: Bagdadeko morroia ipuinean bezala, birusak aurreko hegaldia hartu du, etxean daukate zain.

Akademiatik irten eta Sant'Ambrogioko azokara bidean, gurasoak ikusten dira ume-gurdiei tiraka, banatzailea kantuan sartu da trattorian,bi adineko irri batean solasean. Mundua da, beldurrak bizitzen ahaztu baino lehen, mundutarron gauzak egiten. Turistek erdialdean modan jarri dituzten musuaurrekorik gabe dabiltza guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.