Hedoi Etxarte

Benetako herria

2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

CNRSeko Samuel Hayat politologo eta ikerleak telebista publikoan adierazi zuen: «Insurrekzio uneetan beti da jende bat esaten duena 'Hori ez da herria'. Bastilla hartu zenean, ez zen inolako ahobatezkotasunik egon. Interpretazio eztabaida mordoa egon zen iritsi ziren arte esatera [gertakariak] ez zirela soilik eraikin publikoak erretzen zituzten pertsonak ala nagusiaren burua pika batean jartzen zutenak, baizik eta herri subiranoa zela. Eta insurrekzio ezberdinak hartzen baditugu, 1848koa, adibidez, iraultza asko izan zituen Iraultzaren baitan, herria sarritan zetorrela zirudien. Etengabe egiten zen galdera zen: benetako herria al da atzean dagoena? Batzuek, Lamartine presidenteak, adibidez, 1848ko otsailean esango du baietz, hori dela benetako herria. Martxoan manifestazio handiak izan ziren eta batzuek esango dute 'benetako herria da' eta beste batzuek kontrakoa. Eta 1848ko apirilaren 16an beste altxamendu bat egon zen eta Lamartinek esan zuen 'ez, gezurrezko herria da, zeren eta fakziosoak baitaude'. Eta gaur egunera arte erabiltzen den zerbait esan zuen orduan ere adierazteko altxamendu bat ez zela popularra, ez zela herriarena, 'atzerriko elementuak dira'. Garai hartan sarritan esaten zen atzerriko elementu horiek Paris kanpotik zetozela, barbaro esaten zitzaien. Lyongo 1831ko altxamendukoei ere hala deitu zitzaien. Beraz, beti dago galdera hori: 'Nor ari da hau egiten?'. Horregatik molestatzen dit gaur egun, ez soilik gobernuaren diskurtsoan baizik eta baita iritzi emaileen aldetik, nola egiten diren banaketa horiek: zilegitasuna duen manifestaria, gauzak apurtzen dituena, lapurra... zeren gaur egun ez baitaukagu, 1789an bezala, Asanblada Nazional autoproklamatu bat izendatzeko baietz, Bastilla hartu zutenak zirela herria».

Halako batean, Gari Garaialderen txio bat irakurri nuen: «Gure gazteriak kezkatu beharko gintuzke. Indautxun bizi diren migranteen seme-alabak ere geure gazteria dira». Asteon Bilbon atxilotu dituzten gazteak, egin dutenarekin ados ez egonda ere, gure gazteak dira: nola askatu paternalismorik gabe? Eta parean polizia daukate, haiei esker erre zen Bilbo, urriaren 17an Frantziako Gobernuak erabili zuen estrategia berarekin: kalea usteltzen utzi, infiltratutako poliziak telegrametan eta Abandoko kantoietan, predikari faxistei bidea ireki, zerbitzu sozialen ala etxebizitzaren defentsan daudenak jipoitu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA