Ander Perez Argote

Beste bat

2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pasa den ostiralean izan zen, Iruñeko Baluarten. Valeria Castro zen kantari, aretoa bete, eta lagunari aipatu zenion kantariak Pamplona aipatu zuen hamar aldien truke ez legokeela gaizki behin behintzat Iruñea esango balu. Halakorik ez zen gertatu, ordea, baina kanariar bustidurazko eskerrik asko bat utzi zuen bederen oholtza gainean. Zure buruari galdetu zenion publiko arteko zenbatek erreparatuko zioten, zuk bezala, musikariaren hizkuntza hautuari. 

Gero, bukaeran, entzuleak besaulkietatik zutitu eta eskuak zartatzen hasi zirenean, beste bat, beste bat oihuka hasi zen norbait, euskaraz, hari segitu zion besteren batek, gero beste norbaitek, eta azkenerako, burrunba erabatekoan murgildu zen aretoa, aho bakarrez beste bat beste bat, eta txaloak leloaren erritmora. Elkarri begiratu zenioten orduan lagunak eta biek, irribarre egin, eta satisfazioz aitortu zenioten jendeak kontzertuagatik zuen emozioa zenutela zuek Baluarte euskaraz garrasika entzuteagatik. 

Artistak berak oihua ulertuko ote zuen espekulatu zenuten ondoren, norbaitek azalduko ote zion, edo gertatuko zitzaion kondaira hartan bezala, Kiko Venenorekin zela uste duzu, «vete ya, vete ya» ulertu omen zuenean. Baina are dibertigarriago, aretoan bertan zeudenetako zenbatek ere ez zuen ulertuko, hori ere galdetu zenioten elkarri, edota, ulertuta ere, egongo ote zen barrutik su bizitan sumindutakorik, kantariarekiko gorazarrea euskara hutsean egiteagatik. 

Zeren eta, izan zure pozagatik edo bestearen deserosotasunagatik, argi da euskara, gaur-gaurkoz eta Iruñean, ez dela beste bat bakarrik, beste hizkuntza bat, normala beharko lukeena, baizik eta auzi konplexu bat, anekdota huts bat dena pozez bizitzera eraman zaitzakeena, edozein garaipen txiki ospatzen den poz berdinarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.