Ezin animatuagoak datoz igandeko Espainiako hauteskundeak, aukera handia baitago osatuko den gobernuan Voxek ministroak edukitzeko.
Inkestak dira ia modu bakarra datorkigunari usaina hartzeko, eta, botikan bezala, gustu guztietakoak argitaratzen dira, sinesgarriagoak batzuk besteak baino. Bi adibide. Lehena, Jose Felix Tezanos buru duen CIS ikerketa soziologikoetako erakunde publikoak egiten dituenak. Bigarrena, komunikabideek egiten dituztenak. Aukera dezagun, bigarren adibiderako, Katalunian gehien saltzen den egunkaria: La Vanguardia.
CISek bi inkesta kaleratu ditu oso tarte txikian, lagin ikaragarriarekin egina lehena duela hiru aste, 45.000 telefono inkesta; eta lagin handiarekin egina bigarrena duela bost egun, 8.000 telefono inkesta. La Vanguardia-k igandean argitaratu zuen bere azken inkesta, CISenak bezala Espainia osorako egindakoa, 1.999 telefono inkestarekin.
Zein izan liteke fidagarriena? Telefono inkesta kopuruen arteko aldea oso handia da, CISen lehen inkestaren lagina hogei aldiz handiagoa da La Vanguardia-rena baino, eta, logika guztiaren arabera, askoz sinesgarriagoa izan beharko luke. CISek garaipen nabarmena ematen dio PSOEren presidentegai Pedro Sanchezi, eta PPk eta Voxek ez dute gehiengoa edukiko. Etzi jakingo dugu.
Gurera etorrita, inkestak bat datoz EAJren eta EH Bilduren emaitzak iragartzeko orduan. EAJk behera egingo du –bost diputatutik laura–, eta EH Bilduk gora –6tik 7ra–. CISen arabera, baliteke EH Bildu zortzira ere hurbiltzea. Kontuz ibili behar da larrua goizegi ez saltzeko, baina EAJren emaitza baieztatuko balitz –hipotesia da–, kolpe handia hartuko luke, talde parlamentarioa osatzeko behar duen bosgarren diputatua faltako zaiolako.
Aukera dago EAJri falta lekiokeen diputatu hori beste talde parlamentario batek uzteko, hori egin ohi baita Espainiako Kongresuan. Nondik hartuko luke? PSOEtik? EH Bildutik agian, behin eta berriro Kongresuan biek herri akordioa osatu behar duten proposamena benetakoa dela erakusteko? Hipotesia.
Beti geratuko zaigu Tezanos.