Legebiltzarrean behin adineko gizon batek esan zidan frankismoak bere hizkuntza —hau da, euskara— lapurtu ziola. Zakarki hartu ninduen eta, sumindurik, pentsatu nuen demokraziako 30-40 urte izan zituela nik bezala euskara ikasteko, eta haren hamaika legebiltzarkide alderdi guztietakoek bezala.
Orduko suak amataturik, ohartu naiz hein batean egia zioela. Izan ere, izeba maiteari ere lapurtu zion euskara frankismoak: 70eko hamarkadan ikasten hasi bazen ere, nirekin bateratsu, pare bat urtetan amore eman zuen, zeren eta ikaskideak aurrera zijoazela zeritzan, eta bera atzera. Oraindik ere amorratzen du izeba gaiak, eta begiak bustitzen zaizkio.
Joan den asteburu honetan neuk sentitu dut frankismoak niri Euskal Herriaren historia lapurtu zidala. Euskara ondo ikasi baino lehen Martin de Ugalderen Síntesis de la historia del País Vasco (1979) irakurri nuen, urte berean Txertoak argitaratu zuen Barandiaranen Mitología Vasca baino bi hilabete lehenago eta Euskaltzaindiaren Conflicto lingüístico en Euskadi —hau ere irten berria— baino bosten bat hilabete geroago.
Hura sintesia izan arren, ez nintzen erdiaz ere jabetu, erabat ezezagun nituen edukiak ugari zirelako han. Besteak beste, unibertsitatera baino lehen ikasi genuen historian Nafarroa Errekonkistaren hasieran halako parte bat hartzen zuen erreinu txiki bat baino ez zen, orrialde bat aurrerago gure auzo probintzia bihurturik aurkitzen genuena, frankismoaren telebistan jotak kantatzen ikusten genuen hura bera.
Zer den handia, eta txikia zer den. Atzo Agaramontarren lurretan izan nintzen, Bidaxunen. Gazteluaren hondakinak ulertzen lagundu zigun bertako gidariaren azalpenek —Antoine de Gramont bat baino gehiago aipatu zigun, eta bidaxundarrak zergatik diren xarnegu— berriz ikusarazi zidaten ezin izan dudala Euskal Herriko historiaren ikuspegi puskatu bat dudan sentipena gainditu, mende erdi eta gero oraindik ere Ugaldek sintetizatu nahi izan zuen puzzle hautsi horren atal garrantzizkoak faltan ditudalako han-hemen. Berrirakurtzeko unea heldu da, ea oraingoan azterketa gainditzerik dudan.