Hedoi Etxarte

'Bienvenido, Mister Steinmeier'

2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konstatazio bat da Hego Euskal Herrian 1939an galtzaile izan ziren ildo politiko guztiek garaituta jarraitzen dutela 2025eko Euskal Herrian, ziurrenik, eskuin abertzalearen eta PSOE parasitatu zuten post-frankisten salbuespenarekin. Horren adierazgarri Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidente federala Gernikara etorriko dela-eta Hegoaldeko hedabide guztiek (ezker, eskuin, publiko ala komunitario) transmititu diguten poza. XX. mendean harrera molde horri, gazteleraz, aldeanada esaten zitzaion, eta bikain ekarri zuen Luis Garcia Berlangak Bienvenido, Mister Marshall filmean: herri ezjakin bat, bere buruaren kontzepzio altua duena, espainiar azpiratua.

Kontua da Bigarren Mundu Gerraren ostean naziek kaltetutako herrialde, hiri, banku zentral eta zenbait komunitateri dirutzak ordaindu zizkietela Alemania Mendebaldeak eta Alemania Ekialdeak, Potsdamgo Konferentziari jarraikiz. Greziari, esaterako, 1960an 115 milioi marko eman zizkion Alemania Mendebaldeak. Hannah Arendtek ongi kontatzen du Eichmann Jerusalemen liburuan Israelek epai hura egitearen arrazoietako bat Alemaniaren kalte ordainak bukatzear zirela zela.

Diruak agintzen duen munduan, bonbardaketatik 88 urtera ze kalte ordain eman ditu Alemania Federalak? Steinmeierren keinuaren hutsaltasuna ez da soilik larria iraganarekiko (ez du ezer erreparatzen), baina are iraingarriagoa da orainarekiko. Alemania da Europan palestinarren aurkako kolonizazioa (armen bidez) eta Gazako genozidioa aktiboen babesten duen estatua. Palestinarren bizitza eskubidearen alde dauden alemanak etengabe kolpatu eta zigortzen ditu Alemaniako Poliziak. Berriro, Alemaniako Estatua genozidio bat babesten ari da. Gainera, Ukrainako gerraren sustatzaile handietako bat da, eskuin muturreko Zelenski militarki lagunduz.

Halere, zer eskatuko ote diogu atzerriko gizon horri, Hego Euskal Herriko administrazioek ontzat eman dutenean faxismoaren alde ibili ziren hiltzaileei milaka etxebizitza, enpresa eta soro oparitu izana. Zintzoki eta aukeran, interesgarriagoa litzateke Iruñeko Erorien Monumentua bere horretan utzi eta 36ko hiltzaileei oparitu zizkieten inguruko etxe eder horiek ipso facto desjabetzea. Bi arazo konponduko lirateke, gainera: faxistei hiltzaile izateagatik oparitutakoa kendu, eta etxe horiek gaurko kapitalismoak desjabetu eta kalean bizitzera daramatzanentzat leudeke eskuragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.