Irailaren 23a zela-eta, apirilaren 23a gogoan, lankideari esan nion Liburuaren Eguna zirudiela, erosleak gogoz ari zirelako hau eta bestea eskuratzen. Serio ezetz esan zidan, Bisexualtasunaren Ikusgarritasunaren Eguna zela. Iluntze hartan, igandeko Itzuli Mitzulin Xorroxinera bidean izan genuen solasaldietako bat etorri zitzaidan gogora. Iruñerriko D eredu publikoko ama (eta aldi berean irakasle) batek nahiko grafikoki adierazi zuen Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak pantailetan trebatu baino ez ote zen hobe «arkatza, boligrafoa eta papera» erabiltzen trebatzea.
23a egun luzea izan zen, goizean 10 gradu, arratsean 30 eta iluntzean France 5en Virginie Despentes Thélyson Orélien haitiar jatorriko idazle quebectarra eraso fatxetatik defendatzen ari zen. Une batean, ordea, Despentesek berak berriki idazketari buruz hartu duen erabaki bat azaldu zuen: «Idazleek AA erabiliko dute AA indar betean sartu delako gure bizitzetan. Word jartzen dudanean AA dago barruraino, Google jartzen dudanean makinan bertan dago. Orain kaier batean idazten dut. Horretara iritsi naiz». Aurkezleak harriduraz erantzun zion, Despentesek baietz: «Lehen ez nuen hala egiten, baina orain kaierera pasa naiz, eskuz idaztera. Word proposatzen hasi zitzaidanean berridazketak egiteko, erabaki nuen aski zela, nahikoa nekatzen ninduen ortografia zuzentzen zidanean ere –nahiz eta behar dudan–. Nazkatu nau Wordek, nazkatu nau Googlek. Eta gero ingelesera itzuli diren nire liburu guztiak AAk irentsi ditu. Dena hartu dit baimenik eskatu gabe. Nire pantailan sartu da inolako baimenik gabe eta orain AAko tresna batek esango du nik egin dudana neuk egin dudan ala AAk? Ez dut neure burua justifikatu behar, doala pikutara».
Lotuta zegoela iruditu zitzaidan, Itzuli Mitzuliko solasaldia eta gaur egungo idazle interesgarrienetako batek bere ofiziorako tresnez esaten zuena. Interneteko bataila ere galdu dugu eta ludditen dosi on bat izan daiteke itxaropenerako aukera.