martxelo otamendi

Burka, gai korapilatsua

2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Auzi batzuetan, dezentetan, erraza daukate eskuinak eta eskuin muturrak erabakiak hartzea, tabula rasa egiten baitute: lan baldintzak, migrazioa, feminismoa…

Burkaren eta nikabaren erabilera da horietako bat. Emakume musulman batzuei, erlijioaren aginduak beteta, begiak izan ezik aurpegi osoa estaltzen dieten oihalak dira burka eta nikaba. Erraz dauka eskuinak, segurtasunaren komodina argudiatuta —gero eta astakeria gehiago zuritzeko erabiltzen da segurtasunaren komodina— espazio publikoan debekatu, eta kito.

Zailago dauka ezkerrak burkarekin eta nikabarekin. Esan dezagun, argitze aldera, ez dagoela debekatuta espazio publikoan emakume bat —ezta gizonezkoa ere, noski— motorraren kaskoa buruan jarrita ibiltzea, ezta kaskoa integrala denean ere, alegia, ia aurpegi osoa estaltzen dionean. Ez da ezagutzen inori horrela ibiltzea debekatu diotenik. Edo kalean ibiltzea, inauterietatik kanpo, Veneziako maskara batekin. Jokabide hori, oraingoz, libre da. Kasu horietan ez da loturarik egingo segurtasunaren eta nortasuna ezkutatuta edukitzearen artean. Zergatik bai, aitzitik, burka edo nikaba jantzita doazen emakumeekin? Tartean erlijio musulmana dagoelako.

Baina ezin da ezkutatu burkaren eta nikabaren erabilerak badaukala beste erpin bat, ezkerraren zati handi bati kontraesanak sortzen dizkiona. Jakina da jantzi horiek daramatzaten emakumeetako batzuk, ehunenekoa ez da txikia, gizonezko bikotekideak behartuta janzten dituztela, erlijioaren agindua arrazoituta. Ez dezagun ahaztu, hala ere: burka eta nikaba janzten duten emakumeak ez dira bakarrak gure gizartean gizonezko batek behartuta zer edo zer egiten dutenak. Emakume zuri asko gizonezko bikotekide zuriak agintzen diona egitera behartuta daude, zoritxarrez. Baina ezin dugu bata erabili bestea zuritzeko.

Erronka da nola iritsi behartuta dauden emakume horiengana, burka eta nikaba janztera behartuta daudenengana, baita bestelako aginduak betetzera daudenenagana ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA