Duda handia zegoen zentroko hautagaiek Ivan Cepeda ezkerreko hautagaiaren aldeko botoa eskatuko ote zieten lehen itzulian –duela hiru aste– haiei botoa ematen zieten herritarrei. Zentroko bi aurkeztu ziren, biak ibilbide luzekoak: Sergio Fajardok milioi bat boto lortu zituen –%4,26–, eta Claudia Lopezek 225.517 –%1era iritsi gabe–.
Gustura hartu zuen Cepedak asteazkenean Claudia Lopezek elkarrekin egindako ekitaldian eskaini zion babesa. Ez zion, ordea, musu truk eman. Cepedak uko egingo dio bere eskaintzaren izarretako bati, alegia, ez du bultzatuko prozesu konstituziogilea, eta onartu egingo ditu bi itzulietako emaitzak.
Fajardoren programa askoz gertuago dago Cepedaren proposamenetatik, lehen itzulia argi irabazi zuen Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrarenetik baino. Baina Fajardok ez du inoren alde egingo: dekalogo bat aurkeztu du, haren hitzetan bi presidentegaiek onartu beharko luketena. Cepedak Fajardoren botoak behar ditu igande honetan De la Espriellari irabaziko badio. Bi milioi boto berri behar ditu Cepedak.
Leku esanguratsu batean egin zuen larunbatean Cepedak Bogotako mitina: La Santamaria zezen plaza historikoaren kanpoaldean, erakusteko zein harro dauden Petroren gobernuak zezenketak debekatu zituelako. Kontua da zortzi milioi biztanle inguru dauzkan Bogotan, lau mila lagun bakarrik joan zirela kanpaina itxi aurreko mitinera. Premonitorioa bada...
Bereziak dira Kolonbiako hauteskundeak. Presidentea lau urte bakarrik egon liteke agintean, hauteskunde kanpaina bozketa eguna baino astebete lehenago ixten da, eta ostiraletik astelehena bitartean debekatuta dago alkohola saltzea supermerkatuetan eta ostalaritzan.
Zer gerta liteke igandean? De la Espriella eskuin muturreko hautagaiak irabaztea, Cepedari bost eta hamar puntu arteko aldea ateratzea, non eta eskuin muturraren beldur Cepedaren hautagaitzak ez duen lortzen berebiziko mobilizazioa.
Astro guztiek lerro bakar batean jarri beharko dute Cepedak irabazteko.