martxelo otamendi

Diada, Aliantzaren mamua

2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 11 da gaur, gure inguruan batik bat hiru datarekin lotzen dena: Augusto Pinochetek gidatutako militarrek 1973an estatu kolpea eman zuten Txileko presidente Salvador Allenderen kontra, New Yorken eta Washingtonen islamista erradikalek 2001ean egin zituzten atentatu gogorrak, eta Kataluniako Egun Nazionala.

Indar zentralisten lasaitasunerako, urteak daramatza impasse batean Kataluniako independentismoak, izan zitekeen eta izan ez zenaren morroi. Krisi betean sartu zen 2017ko erreferendumaren ondoren, estatuaren errepresio gogorra jasan zuen, alderdien arteko konponezinak kalte handia egin zion, eta okerrena dena, Kataluniako Legebiltzarrean gehiengoa galduta, azken hauteskundeetatik ezin dute «katalanen izenean» hitz egin. Etsaiak ez zukeen hobeto diseinatuko independentismoaren porrota.

Hauteskundeei begira jarrita daude hilabeteotan alderdi katalanak: 2027ko maiatzean udaletakoak, eta 2028an parlamentukoak. Aliantza Katalana da berrikuntza nagusia mapa politikoan: antiislamista eta independentziarako joerarekin; askoz gehiago aurrenekotik, bigarrenetik baino.

Udal hauteskundeei dagokienez, arazoak edukiko ditu Aliantza Katalanak Kataluniako 947 udalerrietako gehienetan, egiturarik ez daukan alderdi sortu berria delako. Ate askotan ari da jotzen Aliantza Katalana, Juntsen ateetan bereziki, badakielako Juntsen zeudela orain arte lortu dituen boto emaileak, eta Juntsen daudela udal hauteskundeetara aurkezteko osatu behar dituen zerrendetako hautagaiak. Uste zuen baino zailagoa ari zaio gertatzen Juntsen uretan arrantza egitea, gauza bat baita botoa isilpean aldatzea eta beste bat, oso desberdina, denon aurrean alderdi berriaren zerrendetan agertzea. Bartzelonarako alkategai indartsu bat iragarri zuten, eta jendaurrean aurkeztu aurreko egunetan atzera egin zuen.

Gaurko Diadako ekitaldietan hartuko du parte Aliantza Katalanak —iaz hartu zuen parte aurreneko aldiz—, baina azken asteotan haren aurkako gerriko politikoaren aldekoak bildu, eta uxatzeko asmo sendoa agertu dute. Ez diete utziko normaltasunez parte hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA