Hedoi Etxarte

Dinosauroaren puxika

2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguerdia joan berri zen 2026ko uztailaren 12an Iruñeko Kale Nagusian eta zuri-gorriz jantzitako lau bat urteko mutiko bat aitaren sorbalden gainean eserita zegoen, Iruñeko armarria brodatua zuen zapia alderantziz eta Pamplona handiago. Jendetzaren artean erraldoiei eta buruhandiei begira ari zen.

Umeak helioz betetako puxika gorri bati eusten zion: Tyrannosaurus rex baten antza zuen —Euskarazko Wikipedian irakurri dut Tyrannosaurus-ek musker tiranoa esan nahi duela—. Umea eta puxika ikusita okurritu zitzaidan, kapitalismoa zuzentzen duten gizakiek azeleratuta, hemendik mende batzuk barru Homo sapiens sapiens-a desagertuko zen mundu batean. Guk gaur uztailak 12 deitzen diogun egunaren baliokidean, beste piztia bat egongo zen, heliozko puxika batekin, Homo sapiens sapiens gorri baten puxikarekin.

Ezagutzen dut aspertu arte Zizekek errepikatu duen Fredric Jamesonen esaldi hura, esaten duena kapazago garela munduaren amaiera irudikatzeko kapitalismoaren amaiera irudikatzeko baino. Baina etorkizuneko uda hotzena izan den honen ostean, Europako klase zuzendariak, aurrerazaleak zein filofaxistak, tokikoak zein goiko erakundeetakoak entzun ditugu esaten egin behar dena dela hiriak aire girotuko makinaz bete (zuhaitzez bete beharrean), soroak eguzki plakaz bete (desazkundea planifikatu beharrean), mendiak haize errotekin suntsitu (herentzia legeak zorrotz aldatu beharrean) eta abar. Baina, berriro ere, harrigarrienak gu gara, jende arrunta, xehe-xehea, langilea. Noiz arte segituko dugu plastikoa irensten?

Ze niri ere zoragarria iruditu zait Angèleren azken singlea (Une seule vie) baina espero dut inork ez diola bideokliparen amaieran agertzen den izakiari hegazti deituko. Abestiak dioen bezala: «Akaso bizitza bakar bat daukagu / Baina esatearekin ez da aski».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA