martxelo otamendi

Diplomaziaren beharrean gaude

2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gatazka asko daude munduan, handiak batzuk eta txikiak besteak. Baina denak gatazkak dira, jasaten dituztenentzako batik bat. Gertuagokoak zaizkigu batzuk, geografikoki eta iraganeko loturak dauzkagulako. Ipar Euskal Herrian, informatiboki, egunerokoagoak dira Afrikan dauden gatazkak, gerran dauden herriak behinola kolonia frantziarrak izan zirelako, eta Frantziako komunikabideek nola edo hala jorratzen dituztelako gerra horiek; eta Hego Euskal Herrian etxekoagoak zaizkigu Hego Amerikako herrialdeetako albisteak, herrialde horiek kolonia espainiarrak izan zirelako. Banaketa horren ondorioz, arrotzagoak zaizkigu hegoaldetarroi Afrikako herrialdeen eta etnien arteko borroka gogorrak.

Afrika da barne gatazka gehien dauzkan kontinentea, zuzeneko edo zeharkako gatazkarik gabeko oso herri gutxi daudelako kontinentean. Herrialdeen artekoak dira batzuk, herrialde barrukoak besteak. Nazioarteko diplomaziak jarri beharko lukeen arreta ez jartzearen ondorioz —beti izan da Afrika kontinente baztertua— gatazka horietako gehienak kronifikatuta daude, edo kronifikatzeko aukera handia daukate.

Hainbat gatazka mota daude Afrikan: erlijioak arrazoi —aitzakia batzuetan— hartuta, erlijio bateko eta besteko jarraitzaileen artekoak; herrialde beraren barruan bidegabekeria historikoen ondorioz konponezinak diren etnien artekoak; kolonizazioan egindako muga artifizialek urteetara sortutakoak... Baina ez dezagun ahaztu, gatazka horietako askok lurrazpiko aberastasunak sortutako interes ekonomiko eta estrategikoekin lotura handia daukate, urteen poderioz gatazkaren arrazoi nagusia izateraino.

Gatazka berriak sortzen dira munduan —Errusiak Ukraina inbaditu zuen, eta Israelek muturreraino eraman du Palestinako genozidioa—, lehenagotik zeudenak konpondu gabe segitzen duten bitartean.

Diplomazia solidario eta aldeaniztun batek bakarrik jar ditzake gatazkak konponbidean. Baina gero eta urrutiago daukagu diplomazia hori.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.