Geroz eta garestiago daude etxebizitzak, eta halere, saldu eta saldu ari dira. Ez da lehen aldia iragarki baten jakinarazpena mugikorrera iritsi, ordu gutxitara bertara sartu, eta etxea dagoeneko saldu dela ikusten duzula. Burbuila lehertzear beharko lukeela pentsatzen duzu orduan, jasangaitza beharko lukeela metro karratuaren salneurriaren etengabeko igoerak, baina ez, saltzen segitzen dute pisuek, prezioa egunetik egunera igo arren.
Estatistikarik kontsultatu gabe, lepoa emango zenuke etxea erosten duten belaunaldikide gehienek –bakarrik erosten dutenek behintzat, baina gaur egun bikotea izan arren asko dira ere pisua norbere kabuz erosten dutenak, zer gerta ere– gurasoek utzitako diruari esker erosten dutela. Besterik ezin da: alokairu neurrigabeek eta prezioen igoerari, mingaina kanpoan, atzetik ezin segika doazen soldatek ez dute sarrerarako behar diren milakakoak aurrezterik uzten. Eskerrak beraz, eskerrak oraindik, eskerrak luzaroan, gurasoei.
Pentsatzen duzu, beraz, hurrengo belaunaldiari diru parrastada bat uzterik ez duen belaunaldi bat dagoenean lehertuko dela orduan benetan egoera, norbere kabuz irabazitakoarekin aski ez duen jendea gehiengoa denean. Eta une horretarako eztanda soziala irudikatu nahiko bazenu ere, katastrofe sozial bat da, tamalez, irudikatzen duzuna: babes loturarik gabeko indibiduo prekarizatuen gizarte bat.
Zeren eta hori gerta daiteke gizarte antolaketa tradizionala suntsitu nahi baina hura ordezkatzera iristen ez bagara. Eremu pribatutik atera nahi dugu zaintza, familia (sinbolikoki?) desegin, baina ez gara gai oraindik elkarren babes ekonomikorako formula berriak hedatzeko. Lagunen arteko diru maileguak egon badaude, eta eskerrak, baina tabua da gehienean ondokoari dirua eskatzea. Familiaren pribatutasunera mugatu dugu zaintza ekonomikoa. Zuk behintzat ez duzu ikusi lagunari pisua ordaintzen laguntzeko diru ekarpenak egiteko ospakizunik. Bikotekidearekin bidaiatu dezan ordaintzekoak bai. Ezkontza dute izena.