1976ko azaroaren 20ko eguerdian Liga Komunista Iraultzailearen lehenengo asanbladako 154 militanteak atxilotu zituen poliziak Arantzazun. Atxilotuetako bat zen Edorta Matauko. Handik bi egunera atxilotuetako 70 askatu zituzten, Edorta al zen horietako bat? Ala giltzapean zegoen oraindik? Donostiako komisarian zeukaten ala Gasteizkoan?
1977ko martxoaren 2ko El PaĂs-en argitaratu zuten Matauko ostera atxilotu zutela, Vitoria Guadalupe Etxebarria bikotekidearekin batera, LKIko militanteak zirelako.
Gogoan dut 2006ko afari bat, Getariako mendialdeko baserri batean. Barregarria iruditu zitzaigun Edortak aipatu zigunean FUTen hauteskunde kanpainan aritu zela 1977an, FUT: Frente por la Unidad de los Trabajadores. Joan den udan, Aitorren paperen artean topatu nuen pegatina bat: LBF, langile batasunaren aldeko frontea.
2022ko otsailaren 22an elkartu ginen (ordurako aspaldi irakurria eta azpimarratua nuen Harry Crewsen Autoa, Edortak Kristin Addisekin ekarritako ezusteko eleberria: «Beti zegok norbait hik egiten duanaren bila», itzuli zion Crewsi). Bazuen Edortak keinu bat, irribarre handiarekin buruarekin ezetz esaten zuen eta inoiz ezin zen jakin ze hitz hautatuko zuen. Ala alemanezko hitz bat ahoskatzen zuen antzoki batean balego bezala. Ala Nafarroako ekialdeari buruz hitz egiten zizun Albaniako herri galduez ariko balitz bezala. Eposta bat bidali zidan, Gizadiaren oren gorenak itzuliko zuela esateko: «BERRIAn egin dut topo Miguel Angel Lotina futbol entrenatzailearen hitzokin: 'Beti bihotzari egin diot kasu; gustatuz gero proposamena, aurrera egin dut'. Pase ona, arraioa».
Liluratutako euskaldun berri batek bakarrik itzul dezake Edortak bezala: tresnaren baliabide bakoitzak txunditzen zuen eta, aldi berean, bazekien ez zuela inoiz zeharo dominatuko tramankulua eta gozatzen zuen horrekin.
Stefan Zweig hil eta 84 urtera hil zen, otsailaren 22an, hau izan zen itzuli zion azken esaldia «Berriz ere, laino arte urrutian aienatu da gizalegezko mundu baten betiko amets hutsa».
Astearte iluntzean, auzoa lokartzean, Internazionala xuxurlatu nuen eta Schuberten Winterreise entzun hark itzulitako hamahirugarren miniatura irakurtzeko, Edorta gogoan.