Neurgailu bat baino gehiago dago sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko: herritarrei eskainitako harreraren nolakotasuna, administrazio publikoaren gardentasuna, zerbitzuen kalitatea, akatsak onartzeko jarrera… Bada bat, herri ekinaldi legegilea, herritarrei aukera ematen diena parlamentuan lege proposamenak aurkezteko.
Normalean, gobernuari eta parlamentuko alderdiei dagokie lege proposamenak aurkeztea. Demokrazia aurreratuetan, herri ekinaldi legegilea garatzen duen legea izaten da. Herri ekinaldi legegile guztiek, aldeak alde, antzeko prozedura daukate: herritar kopuru handi baten sinadura behar dute legebiltzarrean aurkeztu ahal izateko.
Urteak daramatzate gure herriko pentsiodunek pentsio justuak eskatzen, asko direlako pentsio baxua jasotzen dutenak: asteroko manifestazioak, bilkurak, ibilaldiak, agiriak… administrazioek gorrarena egiten dutela ikusita, mobilizazioari ekimen propositiboa uztartzea erabaki zuten pentsiodunek, eta herri ekinaldi legegileak behar dituen sinadurak biltzeari ekin zioten, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ahal izateko. Proposamena justua zela jakiteak eman zien indarrarekin, aise gainditu zuten legeak eskatutako sinadura kopurua: 10.000 eskatzen du legeak, eta 145.124 lortu zituzten. Legeak eskatutako baldintza guztiak betetakoan ohartu ziren legeak tranpa daukala: sinadurak biltzeak ez baitu zuzenean behartzen Eusko Legebiltzarra lege proposamena eztabaidatzera, gehiengoak —EAJ eta PSOE, kasu honetan—, erabaki dezakeelako, eta horrela erabaki zuten bi alderdiok, legearen tramitea eragoztea.
Behin sinadurak bilduta, Eusko Legebiltzarrak behartuta egon beharko luke, derrigorrez, legea tramitatzera. Tramitean, alderdi bakoitzak egokien irizten dion jarrera hartuko du, eta eskubidea edukiko du, bistan da, legearen aurka bozkatzeko. Baina tramite osoa egin eta gero izan beharko du.
Horrela ez egitea iruzur egitea da demokraziari, legebiltzarrari eta herritarrei.
 
    