Blanca Urgell

Eman bizkarra

2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dokumental batean ikusi dut Yaba erregina asiriarraren hilobi aberatsa. Yaba, antza, Semiramis (egiatan Sammuramat) ezagunagoa bezalatsu, aginte handiko erregina izan eta armadaren buru izatera ere heldu zen. «Bada zutabe baterako gaia!», pentsatu nuen, alaiki. Segituan oroitu nintzen lizentziaturako lehen urteko Historiako gure irakaslearekin. Hark erakutsi zigun «patatak kontatzen», orduan erdeinuz esaten zen bezala. Harekin ikasi genuen, beraz, bazegoela jende xehearen historia ere egitea.

Gu jende xehea gara, jende xehearen seme-alabak. Krutwigek «desertores del arado» deitu zigun, idatziz, orduan EHUn Euskal Filologia egiten ari ginenoi. Egia besterik ez da: aitak utzi zuen familiaren mendetako goldea, eta aitonak amaren aldetik. Goldetik letretara bi belaunalditan. Ez dut erregina izan nahi jada.

Gainera, jada ez dut gerraria izan nahi. Goibel ipintzen naute faxismoaren aurkako egun hauetako manifek. Ulertzen ditut, hein batean, haietara doazen gazteak. Ni ere garai batean horrelakoetan ibili nintzen, xumeki bada ere: zer hoberik gaztetako energia xahutzeko, antifaxismo aktiboan aritzea baino. Bada benetako borroka bat, benetako etsaiak likidoak direla —Baugmanek zioenez—, harrapaezinak direla konturatzetik sortzen den frustrazioa gainditzeko benetako bide bat. Ekintza.

Aldiz, uste dut jende nagusiak ez lituzkeela babestu behar; hobeto esanda, ez lituzkeela xaxatu behar, gure herri errukarria berriro ere «gure mutilak» direlakoen garaira itzularazirik. (Eta faxistei hedabideetan itzelezko ospea emanarazirik eta Euskal Herrira balentriak egitera gonbidaturik, bidenabar).

Gogoan dut Bilboko San Frantzisko auzoak 2024an aipatuko ez dudan alderdi horren bisitan egin zuen protesta baketsua: denden pertsianak jaitsi, kaleetan ikusi ahala bizkarra eman, Bella Ciao eta Internazionala balkoitik dena emanda entzunarazi.

Ikasiko ahal dugu euskal herritarrok bakez erantzuten probokazioei. Eta denok bat eginda, zahar eta gazte. Nik behintzat ez dut ordezkaririk behar faxismoaren aurka nagoela kalean adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.