Igande goiza zen eta Santa Engraziako egongelako irratian kirolen albisteak ematen ari ziren Aitorren hizkuntza zaharrean. Alabak The Truman Show linguistikoan abandonatu nituen, atea itxi eta sukaldean sartu nintzen bakarrik. Telefonoan euskaraz beste egin nuen, hizkuntza bat badelako afektu bat baina beste afektu asko dauzkagu, adibidez, kirolarekin eta eguraldiarekin obsesionatua dagoen gure hedabide sistemarekiko, euskaldunok apropos baztertzen dugu gure esfera publikotik historia, filosofia, geopolitika edota psikologia (ala bazterreratu).
Bitartean Frantziako irrati publikoan Yasmine entzulearen galderari erantzuten zion Charles Pépinek: nola berreskuratu entusiasmoa? Pepinek azaldu zuen entusiasmo grekotik datorrela: «Jainkoaren hatsa guregan». Izaera erlijiosoa galdu du eta eszitazioa, poza, asaldura adierazten du. Pépinek esan zuen: berreskuratu behar badugu, esan nahi du galdu dugula. Beraz: nola galtzen dugu entusiasmoa? Ze etsai ditu? Pépinen sei seinalatu zituen. Bat: betebeharraren sentimendua. Entusiasmoa festa bat da eta ez obligazio bat. Bi: perfekzionismoa. Entusiasmoa egitearen ospakizuna da, egitea nahiz eta bikain ez egin. Perfekzio eskuraezinaren eskakizunak zapuzten du entusiasmoa. Hiru: ironia etengabea, beti bigarren graduan egoteak ezinezko bilakatzen du entusiasmoa. Lau: gogaitzea. Gogaituta dagoena entusiasmoaren antipodetan dago, uste du dena ikusi duela. Bost: kontrolarekin obsesioa. Entusiasta izateak neurria galtzea esan nahi du, pozarekin bezala, gainditzen gaitu. Baina bizitza kontrolaren pasioan eraiki baduzu, gainditzen duenarekiko gorrotoan, Nietzscheren «bizitzarekiko herraren» antzeko zerbaitetan bizi zara. Sei: ahaztea bizitza miraria dela, zoria, bedeinkapena. Sarri da zaila bizitza, are injustua, baina merezi du pozetik eraikitzea, ez herratik, ez aldamenekoa zapuztetik, baizik eta alaitasun ia irrigarritik, entusiasmotik.
Hiru minutu izan ziren sukaldean, hamarrak jotzerako egongelan nintzen ostera, telefonoa isilduta transistorean albisteak entzuten.