Iñigo Aranbarri.

Ergelen fabore

2026ko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sutan zen Frantzia orduan ere. Gurpilez gora autoak, airean koktelak eta polizia oldar bizian; ikasleei egurrean aurrena, langileei ostean. Orduan ere esan zitzaien «hori ez da bidea». Baina utopiaren konkistak hainbesteko zirrara eragin zuen ezen han ez zirenek ere beren curriculuma edertu zuten: «Neu ere Parisen nintzen 68an!».

Frantzia sutan zela hiperbolea da, noski. Cannesen, itsasoa musuka zebilkion hondartzari. Baina Truffaut eta Godard ez zeuden bakerako. Festibala hasterako, zuzendari batzuek beren filmak erretiratu zituzten. Hasi, hasi zen. Carlos Sauraren Peppermint frappé proiektatzera doazela, hor igo dira Saura bera, Geraldine Chaplin eta Truffaut eta oihaletik zintzilikatu. Oihuak, irainak, muturrekoak. Hurrengo egunean giltzatu zen zinemaldia.

Orduan bezala orain ere, horra leziatzaileak horrela ezetz esaka. Ez da indarkeria arazoa, zeren esango dizute, esaterako, bidea ez dela estatu genozida batekin negoziotan dabilenarekin harremanak etetea. Hala egin dio errieta Jaurlaritzak EHUri, «egokia ez izateaz gain, arriskutsua da». Asko galduko omen dugu guztiok. Eider Mendozak zinismoraino tenkatu du haria: «Ez ditzagun palestinarrak erabili geure artean liskartzeko». CAFek, euskal tranbia lur zatituari musuka, hilduratuen ongizatea du gogoan, ez diru zikina: «Jerusalemeko proiektuak eragin positiboa izango du biztanleengan».

Hala da beti. Bidegabekerien aurrean edozer mugitzen delarik, hor agertuko dira bidegile zerutiarrak, ohartarazteko horrela ezetz, denok galtzen dugula horrela jokatuta. Baina orduan, zergatik eragotzi zuen Saurak berak bere filma Cannesen? Nola ulertu zuzendariek urteetako lana lehiaketatik erretiratu izana? Gazte zapazto batzuk direla eta, utikan ospea eta zakarretara inbertsioa?. «Ni ez naiz ergela» ez da lelo komertziala, barruraino txertatu diguten pentsaera politikoa da.

Etxegiro gaur. Celine Song korearraren Iragan bizitzak ikusten. «Zerbaiti uko egiten diogunean» dio halako batean Nora-ren amak, «zerbait ere irabazten dugu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA