Erne ibiltzen irakasten digute emakumeoi. Erne gauetan, erne alkohol eta drogekin, erne daramazuen arroparekin, erne inguru haietan ibiltzerakoan. Nik ezagutzen ditudan gizonek sekula ez dute kontuz ibili behar izan ezertan ere. Batzuek, gainera, azaldu arte, inoiz ez dute ulertu etxeko atarirainoko konpainiarena. Sasoiak hobetzen ari dira emakumeontzat, noski, baina tartean beti dago krausk! egiten duen zerbait. Zerbait hori gauza asko izan litezke; esaterako, ikasketa bidaia batean, sexu abusuak gauzatzeko, zure edarian botatako drogaren bat, berriki Durako ikastolako emakume gazte batzuek salatu duten bezala. Albistea potolotzen ari da eta okertzera egingo du, ziurrenen. «Susmagarriak gizonezkoak» direla dio albisteetako batek. Harritu nau jarri behar izateak.
Albiste honek egunotan ikusten ari naizen telesail batera eraman nau: The testaments (Testamenduak), Margaret Atwoodek idatzitakoan oinarritutako telesaila, hots, Neskamearen ipuina-ren jarraipena. Idazle kanadiarra ederto baten ezagutzen duen lagun batek esan dit Atwood ez zegoela oso kontent Neskamearen ipuina telesailak hartutako bidearekin, in crescendo zihoan biolentzia-orgiarekin; eta horregatik idatzi zuela The Testaments. Mundu mailan izugarrizko arrakasta izan duen telesailak Atwoodek 1985ean idatzitako liburuan zuen oinarria, baina soilik lehenengo denboraldiak. The Testaments-ek hamabost urte aurrera egiten du Gilead-en, alegia, Atwoodek asmatu zuen estatu teokratiko beldurgarrian. Biolentzia hor dago, gehiegikeriak, menpekotasunak, emakumearen suntsipen nahia, eta Atwooden bikaintasunak hain ondo islatzen daki, hain trebe, hain xuabe baina gordin. Mesanotxean izan dut gau luzeetan Margaret Atwooden azken lana, zeinetan poesiara egin duen itzulera. Bertan ere badago bere unibertsorako aterik. Hainbeste ahizpa erailak, urteetan, milurteetan/ altuagoak izan nahi zuten gizon izukorrek erailak… Emakume honek ez du Nobel saririk irabaziko, beldurgarriegia zaie. Eta hala ere, irakurleek emango dizkiote lekua, espazioa eta irakurketa. Hori baino sari handiagorik.

